Txikipedia:Skopje
From Wikipedia, the free encyclopedia
Skopje Europako hego-ekialdean dagoen hiri bat da, bai eta Ipar Mazedonia izeneko herrialdeko hiriburua eta hiririk handiena ere. 2015eko datuen arabera, 570.000 biztanle inguru ditu, herrialde osoko ia heren bat (bertako hiru biztanletik bat bizi da, beraz, hiri honetan). Mazedoniako gobernua eta legebiltzarra hiri honetan kokatuta daude.
Mazedoniako hiririk garrantzitsuena da herrialdeko ekonomia, industria, kultura eta hezkuntzarako. Elikagaiak, produktu kimikoak eta botikak egiten dituzte hango enpresarik handienek; dena dela, enpresa gehienak ez dira oso handiak. Herrietako jende askok lan egiten du hirian eta gero eta gehiago ari dira herrietatik joaten hiri honetan bizitzera; baita Kosovo, Albania eta Serbiako hegoaldetik ere. Hala ere, lanik ez duten biztanle asko ere badaude: 2009. urtean, biztanleen %27 langabezian zegoen, hau da, ez zuten lanik.
Vardar izeneko ibaia igarotzen da hiri honetatik. Zubi asko daude, eta haien artean ospetsuena "Kamen Most" izenekoa da; XV. mendean eraiki zen, herrialde hau otomandarren inperioaren mende zegoen garaian.