Txikipedia:Magna Graecia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Magna Graecia (latinez, 'Grezia Handia') deitzen zaie antzinako greziarrek Italiar penintsularen hegoaldeko kostaldean eta Sizilia uhartean ezarritako kolonien multzoari. Magna Graecia izena erromatarrek jarri zioten beranduago, beraien lurretatik hegoaldera zeuden eta greziar hizkuntza eta kultura zituzten polis edo hiriak izendatzeko.
Greziarrek antzina-antzinatik izan zuten itsasoan zehar bidaiatzeko beharra, Grezian bertan ez zituzten edo urriak ziren produktu eta materialak lortzeko. Hortaz, beren nabigazio gaitasunei esker, koloniak sortu zituzten Mediterraneo itsasoko hainbat lekutan, Greziatik urruti zeuden lurraldeak ustiatzeko edo haiekin salerosketan aritzeko. Kolonia haietako asko gaur egungo Italia hegoaldean eta Sizilian zeuden, lurra emankorra zelako eta kokapen geografiko aproposa zutelako merkataritzarako, greziar, etruriar eta feniziarren erdian. Hemen, hainbat polisetako greziarrek hainbat kolonia sortu zituzten. Polis hauek, neurri batean, greziar metropolien mendean zeuden.
Urteen poderioz, koloniak independentzia lortzen hasi ziren. Izan ere, azkar aberastu ziren eta Greziako hirien beharrik gabe garatzeko nahiko botere lortu zuten.