Txikipedia:Klima epel
From Wikipedia, the free encyclopedia
Klima epelak munduko eskualde epeletan dauden klimak dira, hau da, tropikoen eta zirkulu polarren artean, bai ipar hemisferioan eta baita hego hemisferioan ere.
Bizitzeko baldintza egokiak eskaintzen dituzte, eta lau urtaro izaten dituzte (udaberria, uda, udazkena eta negua); urtaro horien artean, alde handiak daude prezipitazioetan eta tenperaturetan. Urtaroen arteko desberdintasun hauek gertatzen dira eguzki izpien inklinazioa urtaroen arabera aldatzen delako, eta, beraz, tenperatura ere aldatu egiten da. Batez besteko tenperaturak 0 °C eta 20 °C artekoak izango dira; hau da, urteko batez besteko tenperatura horiek ez dira muturrekoak izaten, ez oso beroak ezta oso hotzak ere.
Klima epeleko lurraldeek oso eguraldi aldakorra izan dezakete: egun bat eguzkitsua, hurrengoa euritsua, eta ondoren lainotua.
Munduko biztanleria gehiena klima hauek dituzten eskualdeetan bizi da, batez ere ipar hemisferioan.