Txikipedia:Homosexualitate
From Wikipedia, the free encyclopedia
Homosexualitatea sexu bereko pertsonekiko erakarpena sentitzea, maitatzea eta sexu-harremanak izatea da. Emakumeen artekoa zein gizonen artekoa izan daiteke homosexualitatea; hau da, homosexualitatea gizon batek beste gizon bat maitatzea da, edo emakume batek beste emakume bat maitatzea. Horren kontrakoa heterosexualitatea da, hau da, emakume baten eta gizon baten arteko maitasun- edo sexu-harremana. Gizonekiko zein emakumeekiko erakarpena sentitzen denean, berriz, bisexualitatea deitzen da.
Bere sexu bereko pertsonak maite dituenari homosexual deitzen zaio. Emakumeen arteko homosexualitateari lesbianismoa ere deitzen zaio, eta emakumeekiko erakarpena sentitzen duten emakumeak lesbianak dira; gizonekiko erakarpena sentitzen duten gizonei gay deitzen zaie.
«Homo» hitza grekeratik dator eta «berdin» edo «antzeko» esan nahi du. Sexualitate hitza «sexu» hitzetik dator; beraz pertsona homosexual bat bere sexu bereko pertsonak gustukoak izan edo haiekin sexu-harremanak dituena da.
Ezinezkoa da jakitea zenbat pertsona diren homosexualak. Aditu batzuek uste dute hamar pertsonatik bat homosexuala dela, beste batzuek pertsona guztien erdia homosexualak direla uste dute. Hala ere, pertsona bat bisexuala ere izan daiteke, eta kasu horretan, bai gizonekiko eta baita emakumeekiko erakarpena ere sentitzen dute.