Txikipedia:Gobernuen historia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Gobernuen historia aztertzean, kontuan izan behar da gobernua zer den eta nola funtzionatzen duen asko aldatu dela historian zehar. Ideia berriak eta gertakizun garrantzitsu ugari izan dira gobernu forma berrietarako bidea zabaldu dutenak.
Artikulu edo atal honen neutraltasuna zalantzan dago. Eztabaida orria erabil dezakezu neutraltasun zalantza horri buruzko iritzi trukea bideratzeko. |
![](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/6/6b/Giovanni_Bellini%2C_portrait_of_Doge_Leonardo_Loredan.jpg/640px-Giovanni_Bellini%2C_portrait_of_Doge_Leonardo_Loredan.jpg)
Lehenengo gobernu motetan, herritarrek ez zuten benetako askatasunik, edo askatasun oso txikia zuten. Muga argi bat zegoen agintarien eta herritarren artean: leku horietan, aberastasuna eta boterea oso pertsona gutxiren esku uzteko antolatzen zen gobernua. Agintari horietako gehienak monarkak (erregeak eta erreginak) ziren, eta beraien gobernu sistema «monarkia» deitzen zen. Monarka batzuek botere militarraren bidez lortu zuten boterea, eta beste batzuek, beren gurasoen boterea eskuratu zuten.
Herrialde askotako historian aurki daitezke monarkiaren adibideak. Esate baterako, antzinako Egipton, «faraoi» izenaz ezagututako monarkek agintzen zuten; K.a. 2600. urtetik hasita, Egipto Erromatar Inperioaren parte izatera pasatu zen arte (K.a. 30. urtean) gobernatu zuten. Egipton eta beste inperio askotan, botereak familia berean iraun zuen denbora luzez; izan ere, familiako kideak bata bestearen atzetik monarka bihurtzen ziren.
K.a. 300. urtean, gutxi gorabehera, Platon filosofo greziarrak beste gobernu mota bat asmatu zuen. Pentsatu zuen agintariek pertsona duinak izan behar zutela, oinordetzan (gurasoen eskutik) edo armen indarraren bitartez boterea hartzen zuten pertsonak izan beharrean. Gobernu mota hori «aristokrazia» deitzen zen. Teorian, aristokrazia batean, pertsona jakintsuenez osatutako talde txiki batek gobernatuko zuen. Hala ere, historian egondako aristokrazia kasuetan, ikus daiteke, orokorrean, pertsona aberats edo buruzagi erlijioso gutxi batzuen esku egon zela boterea. Beraientzat etekinak atera nahi dituzten agintari gutxi batzuek gobernua osatzen dutenean, gobernu mota hori «oligarkia» deitzen da.