Txikipedia:Diru
From Wikipedia, the free encyclopedia
Dirua nahi edo behar ditugun gauzak erosteko erabiltzen dugun baliabide edo bitarteko bat da, metalezkoa edo paperezkoa, eta gizarte bakoitzean halako balio finkatu bat izaten duena; gaur egun, gehienbat, txanponak eta diru-papera dira dirua, baina dirutzat har daitezke beste bitarteko batzuk ere, txekeak adibidez. Edo digitala ere izan daiteke, gure banku-kontuetan dugun dirua bezala.
![Thumb image](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/e/e2/Euro_1_coin.gif)
Oso tresna garrantzitsua da gure bizitzan, aukera ematen digulako ondasunak eta zerbitzuak modu erraz eta praktikoan trukatzeko. Diruak merkataritza (salerosketak) errazten du eta behar eta nahi duguna lortzeko aukera ematen digu. Ondasunak eta zerbitzuak eskuratzen laguntzen digu, trukearen mende egon gabe. Gainera, dirua etorkizunerako aurrezteko modu bat da, eta hori oso baliagarria da epe luzera helburuak bete ahal izateko.
Dirua erabiltzeko arrazoi nagusiak honako hauek dira:
- Truke ekonomikoak errazten ditu.
- Pertsona, enpresa edo herrialde baten aberastasun ekonomikoa neurtzen laguntzen du.
- Aberastasuna gordetzeko aukera ematen du.