Txikipedia:Akueduktu
From Wikipedia, the free encyclopedia
Akueduktuak aspaldiko garaietan ura toki batetik bestera eramateko eraiki zituzten harrizko zubi modukoak dira. Gehienbat, mendietako erreketako ura hirietara garraiatzeko ziren, eta grabitateaz baliatzen ziren horretarako; hau da, akueduktuak beti beheranzko aldapa batez eraikitzen dira, ur-jarioa bideratzeko.
![Thumb image](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/0/0c/PuentedelDiablo_edited.jpg/640px-PuentedelDiablo_edited.jpg)
Europan dauden antzinako akuedukturik ezagunenak erromatarrek eraiki zituzten. Baina antzinako Grezian, Babilonian, Persian eta Indian ere eraiki ziren. Antzinako asiriarrek, 2 milioi harri bloke erabili zituzten, ura Ninive izeneko beren hiribururaino eraman ahal izateko.
Baina akueduktu-eraikitzailerik trebeenak antzinako erromatarrak izan ziren. Antzinako Erroma hiriak 11 akueduktuk osasutako sare bat zuen ura hirira garraiatzeko. Sare horrek zubiak eta lur azpiko hodiak erabiltzen zituen. Akueduktu batzuk hain ondo eraiki ziren ezen oraindik erabiltzen baitira gaur egun. Erromatarrek beren inperioaren beste leku askotan ere eraiki zituzten akueduktuak. Euskal Herritik hurbilen dagoena Segoviako akueduktua da, oraindik ere ikus daitekeena.
Erromatarrek eraiki zuten akuedukturik luzeena Afrikako iparraldean zegoen, ura Kartagora eramateko, gaur egungo Tunisian. Bere adar guztiekin, 132 km zituen. Erroma hirian, aldiz, akuedukturik luzeenak 90 km inguru zituen.