Txikipedia:Akkra
From Wikipedia, the free encyclopedia
Akkra Mendebaldeko Afrika hiri bat da, bai eta Ghana izeneko herrialdeko hiriburua eta hiri nagusia ere. 2010eko datuen arabera, 1,6 milioi biztanle inguru ditu.
Geografiari begiratzen badiogu, Gineako golkoan dago, Ekuatoretik hurbil. Horregatik, klima tropikal lehorra du. Bi euri garai ditu, baina urte osoan ez du asko egiten. Tenperatura aldetik ez dira aldaketa handiak gertatzen: 24,7°tik 28°tara. Abuztua hilabete hotzena da, martxoa beroena.
Bestalde, kultura, merkataritza eta industriagune garrantzitsua da. Komunikazio ugari ditu, burdinbidez eta errepidez, kostalde bereko beste hiriekin. Garrantzi handiko petrolio findegia du.