Txikipedia:Airearen kutsadura
From Wikipedia, the free encyclopedia
Airearen kutsadura gas toxikoak (karbono dioxidoa, adibidez) eta beste substantzia kaltegarri batzuk atmosferara botatzen direnean gertatzen da; horregatik, atmosferaren kutsaduraz ere hitz egiten da.
Airearen kutsadura oso kaltegarria da izaki bizidunentzat eta ingurumenarentzat: gaixotasunak eragin ditzake, hala nola minbizia eta asma, eta euri azidoa ere eragin dezake. Euri kutsatu horrek lurzorua eta landare-espezieak kaltetzen ditu, eta ondorioz, baita landare horiez elikatzen diren izaki bizidun asko ere. Airearen kutsadura berotze globalaren arrazoietako bat ere izan daiteke, hau da, Lurraren batez besteko tenperatura etengabe igotzearen arrazoietako bat. Azkenik, airearen kutsadurak ozono-geruza deritzon atmosferaren zati bat kaltetzen du; ozono-geruza hori garrantzitsua da, Lurra Eguzkiaren erradiazio kaltegarrietatik babesten baitu.
Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi duenez, 2 milioi pertsona inguru hil daitezke atmosferaren kutsadurari lotutako arrazoiengatik. Atmosferaren kutsadura, beste kutsadura mota batzuk bezala, ohikoagoa da garatu gabeko herrialdeetan.