Txikipedia:Adimen artifizial
From Wikipedia, the free encyclopedia
Adimen artifiziala (AA) ordenagailu programa edo makina batek pentsatzeko eta ikasteko duen trebetasuna da.
![Thumb image](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/1/1f/Woman_Takes_Groceries_from_Dax_Delivery_Robot.jpg/640px-Woman_Takes_Groceries_from_Dax_Delivery_Robot.jpg)
Adimena, berez, ikasteko eta egoera berriei aurre egiteko gaitasuna da. Ordenagailu edo robot batek arazo bat konpontzen duenean edo hizkuntza erabiltzen duenean, adimentsua dela dirudi. Adimen mota hori, ordea, giza adimenetik ezberdina da, ez delako naturala, artifiziala baizik.
Adimen artifiziala giza adimena beharrezkoa den zereginak burutuko dituzten sistema eta programa informatikoak sortzeko erabiltzen da, adibidez, irudi batean objektuak antzemateko, ahozko edo idatzizko hizkuntza ulertzeko, edo datuetan oinarrituta erabakiak hartu eta esperientziaz ikasteko, gizakiok egingo genukeen bezala.
Izan ere, egunero erabiltzen ditugun ordenagailu eta programak oso onak dira kontu zehatz eta errepikakorrak egiteko, baina ez dira gai bere kabuz pentsatzeko. AAren bidez, ordea, hori irauli nahi da: algoritmoak eta eredu matematikoak baliatuz, garatzaileek ordenagailuei erakutsi ahal diete datuak analizatzen eta horietatik ikasten, erabakiak hartzeko eta, oro har, modu adimentsuago batean jarduteko.