From Wikipedia, the free encyclopedia
Vilnius Europako hiri bat da, bai eta Lituaniako hiriburua ere. Herrialde horretako hiririk handiena da eta, 2018ko hasierako datuen arabera, ia 550.000 biztanle ditu. Lituaniako gobernuaren eta legebiltzarraren egoitza da.
Bestalde, Vilniuseko biztanleen erdia baino ez da lituaniarra; gutxi gorabehera bostetik bat poloniarra, eta beste horrenbeste, aldiz, errusiarra.
Europako unibertsitaterik zaharrenetako bat dago hiri honetan, 1579an sortutakoa. Hiriko alde zaharra oso ondo kontserbatuta dago, eta, horri esker, UNESCOk Gizateriaren Ondasunen zerrendan sartu zuen.
Ez dakigu hiria noiz sortu zen; baina haren izena 1323. urtean agertu zen lehen aldiz dokumentu idatzi batean. Aspaldiko garaietan, Lituaniako Dukerriko hiriburua izan zen, 1795ra arte; urte hartan, dukerriaren lurrak Errusiar Inperioaren, Austriaren eta Prusiako Erreinuaren artean banatuta geratu ziren. Vilnius hiria Errusiar inperioaren barruan geratu zen.
Lehen Mundu Gerran, alemanek 1915etik 1918ra arte okupatu zuten hiria eta Lituania osoa; urte hartan, Lituaniak bere independentzia aldarrikatu zuen. Alemanak erretiratu zirenean, Polonia eta Errusia lehiatu ziren hainbat aldiz herrialdeaz jabetzeko, eta lituaniarrek ere borroka egin zuten beren independentzia ez galtzeko.
Bigarren Mundu Gerran, Alemaniak berriro inbaditu zuen Lituania eta hiria ere. Ordura arte, Vilniusek zeukan Europako judu komunitaterik handienetako bat: bost biztanletik bi juduak ziren; horregatik, Napoleonek "Iparraldeko Jerusalem" deitu zion. Baina gerran, haietako gehienak hil egin zituzten eta gainontzekoek alde egin zuten. Gaur egun ia ez da geratzen judurik hirian. Bestalde, gerran, errusiarrek hiria eta herrialde osoa konkistatu zuten eta Errusia barruan geratu ziren 1991ra arte; urte hartan, Sobiet Batasunak onartu egin zuen Lituaniaren independentzia, eta Vilnius bihurtu zen Lituaniako hiriburu.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.