Txikipedia:Giza eboluzioa
From Wikipedia, the free encyclopedia
Giza eboluzioa gizakien jatorria eta bilakaera azaltzen dituen gertaera da. Lehen gizakiak nondik datozen, noiz bizi izan ziren eta nola bizi izan ziren azaltzen du. Gizakien jatorriari buruzko uste desberdinak daude, baina zientzialariak bat datoz esatean tximinoekin nolabaiteko harremana zuten arbaso zahar batzuengandik eboluzionatu zutela hainbat milioi urtetan zehar. Izaki mota batengandik hasita beste izaki mota bat bilakatuz joateko prozesuari deitzen zaio eboluzioa.
Gizaki modernoak hainbat arbasorengandik eboluzionatu zuten, hainbat etapa edo pausotan. Arbaso horien gorputza eta ezaugarriak aldatuz joan ziren denborarekin; adibidez, haien burmuina handitu egin zen, masailezurrak eta hortzak txikiagoak bihurtu ziren. Noizbait, gizakien arbasoak zutik ibiltzen hasi ziren eta tresnak eta erremintak erabiltzen ere bai. Horren eraginez, haien hanka, oin, esku eta beste gorputz-atal asko ere aldatu egin ziren.
Zientzialariek proba asko dituzte gizakien jatorria nolakoa izan zen ulertzeko. Haietako asko, gizaki haiek utzitako fosilak dira; hau da, lurpean kontserbatutako hondakinak, hezurrak batez ere. Fosilak aztertzen dituen zientziari paleontologia deitzen zaio. Zientzialariek duela ehunka mila urte bizi izandako hainbat gizakiren fosilak eta tresnak dituzte, eta etangabe aurkitzen dira berriak. Aurkikuntza horiengatik, askotan, zientzialariek teoria desberdinak izan dituzte gizakien jatorriari eta eboluzioari buruz.