Herrialde azpigaratuek hurrengo ezaugarrietako asko izan ohi dituzte:
Pobrezia edo biztanleko errenta baxua: herritarrek ez dute lanaren bidez bizirik irauteko adina diru irabazten (per capita errenta urteko 2000 dolar baino askoz txikiagoa da).
Garapen industriala txikia edo hasiberria da, eta askotan herrialde aberatsen menpe dago. Azkenaldian, herrialde garatuek herrialde azpigaratuetara eramaten dituzte beren zenbait industria etekin handiagoa lortzeko eskulan merkeari esker, baita haurren lanari esker ere. Industria horien irabaziak herrialde garatuetara doaz; horregatik, ekoizpen industrialak eta soldata baxuek ez dute barne kontsumoa ezta herrialdeen garapena ere sustatzen.
Produktu industrialak ez dituztenez ekoizten, inportatu behar dituzte, hots, beste herrialdeei erosi behar dizkiete.
Lehen sektorea da nagusi; bereziki bizirik irauteko nekazaritza. Monolaborantza asko daude, hau da, landare espezie bakarra landatzen da, eta horrek kalteak eragiten ditu naturan; izan ere, biodibertsitatea gutxitzen baitu eta lurrak agortzen baititu.
Kanpo zorra: herrialde hauek maileguak eskatu behar dizkiete herrialde aberatsei edo nazioarteko erakunde finantzarioei, eta interes altuak ordaindu behar dituzte; horregatik, ez dute beren garapenean inbertitzeko nahikoa baliabiderik.
Bizi maila baxua: zerbitzuak kalitate txarrekoak dira eta ez daude herritar askoren eskura; gainera, analfabetismo indizea altua da, eta osasun zerbitzu eta ospitale gutxi daude gaixoak tratatzeko. Ondorioz, haurren heriotza-tasa altua da eta bizi itxaropena, aldiz, baxua.
Ezegonkortasun politikoa, ustelkeria eta desberdintasun sozialak ohikoak dira herrialde hauetan.
Giza eskubideak ez dira errespetatzen herrialde huetako askotan.
Herrialdeen arteko desberdintasunak aztertzen baditugu, adierazle ekonomikoez gain, beste faktore asko hartu behar ditugu kontuan. Arrazoi mota desberdinak daude: historikoak, garapen politikoarekin zerikusia dutenak; ezaugarri fisikoei lotutakoak; baita herrialdeetako baliabide naturalei lotutakoak ere. Faktore horiek ez dute bakarka eragiten kausa bakar gisa; aitzitik, elkarri eragiten diote. Hurrengoak dira azpigarapenarekin harremana duten faktore nagusiak:
Kolonizazioa: herrialde azpigaratu gehienak herrialde aberatsenen kolonia izan ziren, bereziki Europako herrialdeenak. Kolonizazioaren ondorioz, Europako potentziek Amerika, Asia, Afrika eta Ozeaniako herrialdeetan zuten nagusitasun politiko eta ekonomikoa indartu zuten. Metropoliek industriarako behar zituzten lehengaiak inportatzen zituzten kolonietatik, eta aldi berean, ekoitzitako produktuak esportatzen zituzten. Horrela sistema ekonomiko desorekatua sortu zen. Koloniek independentzia lortu zutenean, horietako askok garai bateko beren metropolien eta beste hiri aberatsen menpeko izaten jarraitu zuten ekonomiari, finantzei, industriari eta teknologiari dagokienez.
Kanpo-zorra: herrialde azpigaratuek laguntza eskatu behar dute askotan egoera ekonomiko eta soziala hobetzeko, eta horregatik maileguak eskatzen dizkiete nazioarteko finantza-erakundeei eta herrialde aberatsenei. Mailegu horien interesak oso altuak izaten dira, eta horregatik herrialde batzuek zor asko pilatzen dituzte urteek aurrera egin ahala. Beren baliabide ekonomikoen zati handi bat zorrak ordaintzeko erabili behar dute, eta horrek zaildu egiten du beren garapena. Dirua ez itzultzekotan, etorkizunean ez lukete mailegurik jasoko.
Merkataritza-truke desorekatuak: herrialde azpigaratuek zailtasunak dituzte nekazaritza-produktuak esportatzeko, herrialde aberatsek beren ekoizpena babesten dutelako nekazariei diru-laguntzak emanez. Ondorioz, herrialde azpigaratuetako produktuek mundu mailako merkatuan duten prezioa merketu egiten da. Gainera, herrialde azpigaratuek askotan Mendebaldera inportatzen dituzten produktuen zergak kendu behar dituzte herrialde garatuen aginduz, batez ere produktu manufakturatuenak. Kalitatezko manufakturak ez badira Mendebaldera inportatzen, industria propioaren garapena oztopatu egiten da.
Ustelkeria politikoa eta ezegonkortasuna: ezegonkortasun politiko, lege argien gabezia eta gobernuen ustelkeriaren ondorioz, atzerriko inbertsioak ez dira beti iristen. Gainera, herrialde hauetako kapitala ez da herritarren bizi baldintzak hobetzeko inbertitzen. Horren ordez, gutxi batzuk aberasten dira, eta diru hori atzerriko herrialdeetara eramaten dute.
Gerra: gatazka armatuek, askotan gobernuek beraiek sortutakoak, herrialdeak suntsitzen dituzte. Gainera, jende asko hil eta dirua galtzen denez, gatazka hauek pairatzen dituzten lekuetan ez dago herrialdea garatzeko eta suspertzeko nahikoa eskulan gazterik.
Hazkunde demografiko handia: herrialde pobre gehienetan jaiotza-tasa altua da, eta heriotza-tasa, aldiz, murriztu egin da; beraz, hazkunde demografikoa asko handitzen da. Hala ere, ez dago behar bezainbesteko janaririk. Ondorioz, herrialde pobreek ez dute herritar guztientzako adina janaririk, eta horrek garapenean eragiten du.
Osasun eta hezkuntza eskasak: gaixotasun, malnutrizio eta goseteen ondorioz diru asko gastatzen da osasungintzan epe laburrean, eta horrek eragin handia du epe luzean. Gaixo dauden eta malnutrizioa duten helduek ezin dute lanik egin, eta ondorioz, familiek ez dute diru sarrerarik. Haur askok gaixotutako gurasoen ordez lan egiten dutenez, eskola utzi behar dute. Haur horien osasuna okertuko da eta ikasketarik gabe ezingo dute lan hoberik lortu etorkizunean. Ondorioz, herrialde pobreetako biztanleek oso formakuntza maila baxua dute.