From Wikipedia, the free encyclopedia
Annelies Marie Frank, edo Anne Frank neska judu bat izan zen, Bigarren Mundu Gerran egunkari edo eguneroko ospetsu bat idatzi zuena, bi urtez familiarekin batera naziengandik ezkutaturik egon zen bitartean. Azkenik, naziek aurkitu zituzten eta Anne eta haren familia Holokaustoaren biktima izan ziren. Naziek juduak suntsitu nahi zituzten, eta, atxilotu ondoren, Anne eta haren familia kontzentrazio esparru batera eraman zituzten. Han hil ziren denak, aita izan ezik.
👶 Jaiotza 1929ko ekainaren 12a Maingau Clinic of the Red Cross (en) eta Frankfurt am Main |
💀 Heriotza 1945eko otsaila Bergen-Belsen |
🔨 Lanbidea eguneroko-idazlea |
📷 Argazkiak ikusi |
Anne Frank 1929ko ekainaren 12an jaio zen Frankfurt hirian, Alemanian. 1933an Adolf Hitlerren Alderdi Nazia boterera iritsi zen, eta Alemania leku arriskutsu bihurtu zen juduentzat. Anneren aita 1933ko udan joan zen Amsterdamera, Herbeheretara, naziengandik ihesi, eta Anne 1934ko otsailean. Alemaniatik ihes egin zuten judu gehiago bizi ziren plaza batean hartu zuten etxea. Anne eta Margot ahizpa auzoko eskolara joan ziren eta nederlandera ikasi zuten. Anek lagun asko zituen eskolan eta auzoan. Patinajea, irakurketa eta filmak maite zituen eta zinema-izarren argazki-bilduma bat osatu zuen.
Baina 1940ko maiatzean, Bigarren Mundu Gerraren lehen hilabeteetan, Alemaniak Herbehereak inbaditu zituen eta han ere hasi ziren juduen aurkako neurriak hartzen. Adibidez, juduei ez zieten uzten zinemara edo igerilekura joaten, eta Anne Frank bezalako haur juduak eskola judura bakarrik joan zitezkeen beste ikasle juduekin batera. 1942ko maiatzaren 1etik aurrera, Annek izar horia jantzi behar izan zuen arropetan, Herbehereetako judu guztiek bezala.
Annek 13 urte bete zituen egunean, 1942ko ekainaren 12an, eguneroko edo egunkari gorri bat opari eman zioten gurasoek, eta berehala hasi zen bertan idazten, nederlanderaz.
Urte hartako ekainaren 29an, Holandako egunkari guztietan jakinarazi zuten juduek Alemaniako lan esparruetan lan egitera joan behar zutela, okupatzaile alemaniarren erabakiz. Margot ahizpak uztailaren 5ean jaso zuen Alemaniara joateko gutuna. Orduan, Anneren aitak gela sekretu batzuk prestatu zituen bere negozioko bulegoen gainean, familia ezkutatzeko. 1942ko uztailaren 6an, familia osoa eta beste lau pertsona ezkutatu ziren leku sekretu hartan, zortzi lagun guztira.
Annek maiz idazten zuen bere egunkarian; haren lagunik onena bihurtu zen eta Kitty izena jarri zion. Ezkutalekuan zeukan bizimoduari buruz idazten zuen, bere lagunei buruz, ezkutatuta zeuden pertsonen arteko arazoei buruz, bere itxaropenei buruz, baina baita guztien beldurrari buruz ere. Bi urte eman zituzten horrela, guztiek partekatu zuten espazio txiki hartan. Beti beldurrez egoten ziren, baina normaltasunez bizitzen saiatu ziren.
Noizbait, ordea, Gestapok (Alemaniako polizia sekretuak) ezkutalekuaren berri izan zuen, seguru aski norbaiten salaketagatik. Horrela, 1944ko abuztuaren 4an, denak atxilotu zituzten. Guztiak Auschwitz-eko kontzentrazio eta sarraski esparrura bidali zituzten, Poloniara; geroago, Anne eta haren ahizpa Margot handik Alemaniako Bergen-Belsen kontzentrazio-esparrura eraman zituzten. Han hil ziren biak, 1945eko otsailean, tifus izeneko gaixotasun baten ondorioz. Aita izan ezik, ezkutuan egondako guztiak preso-zelaietan hil ziren.
Atxiloketak gertatu eta geroago, lagun batzuek Anneren egunerokoa aurkitu zuten. 1947an argitaratu zuen Anneren aita Ottok, Atzeko etxetxoa izenburuarekin. Arrakasta handia izan zuen eta gaur egun 70 hizkuntza baino gehiagotara itzulita dago. Egunkari honen bidez, mundu osoko ehunka milaka irakurlek sentitu ahal izan dute juduek Holokaustoaren garaian jasan zutena. Bigarren Mundu Gerran izandako sei milioi biktima juduen sinbolo bihurtu da Anne Frank eta liburu asko idatzi dira hari buruz. Gainera, egunkariari eta Anneren bizitzari buruzko film eta antzerki-lan asko ere egin dira.
Euskaraz, 2005ean argitaratu zen Anne Franken egunkaria izenburuaz, Josu Zabaletak itzulita, Erein argitaletxearen eskutik. Egan argitaletxeak egunkariaren zati bat argitaratu zuen 1962an, Mari Karmen Garmendiaren itzulpenarekin.
Frank familiak erabilitako ezkutalekua museoa da gaur egun, Anne Franken etxea izeneko museoa.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.