From Wikipedia, the free encyclopedia
Lokomotorra edo tren-makina tren baten mugimenduaren erantzulea den atala da, trena bera mugitzeko ezinbestekoa. Izena latinezko loco (lekua) eta motivus (mugimendua) hitzetatik dator.
Lehen lokomotorra Richard Tremithickek asmatu zuen 1804an, George Stephensonen makina baino 21 urte lehenago. Garai horretatik XX. menderen erdialderaino lokomotorrak baporezkoak izan ziren. Tremithicken makinak, hala ere, ez zuen espero zen emaitza eman, pisutsuegia zelako burdin urtuz eginiko bideetarako. 1825 arte, lurrunezko lokomotorren erabilera ikatz meategietara mugatuta zegoen.
Lokomotor haietako batzuek ez zuten trenbiderik behar, bide eta errepideetatik ibil zitezkeen eta lokomobil izena hartzen zuten. Haien erabilera nagusia trenbideen eraikuntza eta mantenua zen, hala nola makinaria pisutsua mugitzea.
1825an George Stephensonek lehen lokomotorra egin zuen, Locomotion izenekoa. Urte horretan ireki zen Stockton-Darlington burdindidea, kargak eramateko gaitasuna izan zuen lehen zerbitzu publikoa. Bidaiariak garraiatzeko trenek, hala ere, zaldiak erabiltzen zituzten mugitzeko. Bidaiarien lehen zerbitzu erregularra Canterbury-Wishtable trenbidea izan zen. Lehen burdinbide modernoa Manchester-Liverpool trenbidea izan zen, 1830an irekia. Hiru bide hauek George Stephensonek asmatutako lokomotorrak erabiltzen zituzten.
XIX. mendearen bukaeran lokomotorra elektrikoa asmatu zen, baina teknologiaren garapen urriak eta instalazio kostuek zaildu egin zuen honen ezarpena. Suitzan portuak igotzeko erabiltzen ziren, kostua handia izanik ere modu bakarra zelako hainbat aldapa igotzeko.
1950eko hamarkadan diesel lokomotorra asmatu zen, teknologia horrek garapen nahikoa zuelako jada motor handiak egin ahal izateko.
Lurrunezko tren-makina ur-lurrunaren indarrarekin bultzatutako tren-makina da. Ibilgailu hau trenbidetako garraiabide nagusia izan zen XX. mende erdialdea arte, hemendik aurrera diesel tren-makinengatik eta tren-makina elektrikoengatik ordezkatuak izan ziren.
Lehen burdinbideetan orgak errail gainean bultzatzeko zaldi taldeak erabiltzen ziren. Lurrun-makinak garatu zirenean, trenbideetan aplika zitekeela pentsatu zen. Lehen saiakerak Britainia Handian izan ziren; horrela Richard Trevithickek tren-makina bat eraiki zuen 1804ean. Lehen saiakera hauen emaitza 1829an heldu zen, George Stephensonen Rocket tren-makina hain zuzen ere. Hau geroago etorri ziren tren-makinen prototipotzat hartu zen. Gehienetan Stephensonen Rocket lehen tren-makinatzat hartzen da, baina benetan lehena Richard Trevithickek 25 urte lehenago eraiki zuena izan zen, hala ere ez zuen arrakastarik izan. George Stephenson-ek, eta beste ingeniari batzuk, lehenago ere tren-makinak eraiki zituzten, baina Rocket-en arrakastaren arrazoia erabiltzen zituen berrikuntza modernoak izan ziren. Une honetatik aurrera etorri ziren lurrunezko tren-makinetan ere berrikuntza horiek sartu zituzten. Hauen adibide bat hodi anitzeko galdara zen, errekuntzatik sortutako gasen beroa transmititzeko askoz eraginkorragoa zen. Ordurarteko galdaratan urez inguratutako hodi bakar bat erabiltzen zen. Gainera, ihes-lurrunerako tobera bat erabiltzen zen, bide batez sua bizitzeko ere balio zuena.
Lurrunezko tren-makinak galdara horizontal zilindriko bat erabiltzen du etxea atzealdean duela, zati bat kabina barruan duelarik, horrela gidatzaileak eguraldi txarretik babesten ditu. Etxea erregaia erretzen den lekua da. Lau hormaz eta zeru deritzon sabai batez osatuta dago. Oinarrian parrila dago, erregaia jartzen den tokia, eta honen azpian errautsa jasotzeko kutxa edo hautsontzi bat eta errekuntzarako airea sar dadin balio duen aho bat daude. Etxean sortzen den kea galdaran luzeran kokatuta dauden eta urez inguraturik dauden hodi batzuetatik irteten da, era honetan hodi inguruko ura berotzen delarik. Hodi multzo honi hodi-sorta deitzen zaio, hodiek diametro ezberdinak dituztelarik. Diametro handia duten hodiek barruan beste hodi estu batzuk dituzte, hauen barruan lurruna igarotzen da berriz berotu dadin eta tren-makinaren potentzia handitu dezan. Galdara aurrealdean kearen kutxa dago, hodi-sortako hodietatik igarotakoa bertan gelditzen da goialdetik nabarmentzen den tximiniatik irten aurretik. Lurruna galdararen alde garaienean batzen da, edo ur mailaren gainetik dagoen hodi zulatu batetik, edo domo batetik (goi aldean kokatutako kupula). Lurruna balbula erreguladore batetik irteten da.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.