Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa
From Wikipedia, the free encyclopedia
Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) edo Unibertsitatera Sartzeko Hautaprobak (antzina modu ofizialean eta gaur jendartean bakarrik Selektibitatea) unibertsitate ikasketak, unibertsitate publikoetan zein pribatuetan, egin nahi dituzten Espainiako ikasleek egin behar duten azterketa multzoa dira. Unibertsitate publikoetan, Espainian, batxilergoko espedienteari %40 eta hautaprobetako emaitzei %60ko balioa ematen zaio, irakasgaiak desberdin ponderatuz egin nahi den ibilbidearen arabera. Unibertsitate pribatuetan hautaprobetako emaitzak kontuan hartu ohi dira baina unibertsitate pribatu bakoitzak irizpide propioak ezar ditzake.
Selektibitatearen helburu nagusia, batxilergoan eskuraturiko ezagutzak eta gaitasunak erakusteaz gainera, batxilergoko ikasketak bukatu duten ikasleei kalifikazio bat jarri eta kalifikazio horretan oinarrituz unibertsitaterako sarrera mugatzea da, unibertsitateetan karrera bakoitzak duen plaza kopurua edo numerus clausus zein den. Horrela, ikasleek egin nahi dituzten ikasketak egin ahal izateko atera behar duten gutxienezko kalifikazioari ebaki nota deritzo.
Selektibitate-probak protestak eragin izan ditu ikasleen artean, ikasteko eskubidea mugatu egiten duela argudiatuz. Unibertsitate ikasketak egiteko beharrezko titulazioa ez duten 25 urtetik gorako pertsonentzat unibertsitaterako sarbide sarrera-proba bereziak daude.