From Wikipedia, the free encyclopedia
Sagardia Goñi familiaren sarraskia 1936ko abuztuaren 30ean gertatu zen Gaztelun (Nafarroa Garaiko Donamaria herriko auzoa). Juana Josefa eta haren zazpi seme-alabetatik sei Legarreako leizera bota zituzten. Juana Josefak 38 urte zituen, haren senar eta seme zaharrenak Eugi mendian lan egiten zuten. Honako hauek ziren beste seme-alabak: Asunción, urte eta erdikoa; José María, hirukoa; Martina, seikoa; Pedro Julián, bederatzikoa; Antonio, hamabikoa eta Joaquín, hamaseikoa. Desagertu ziren gauean lau tiro entzun ziren[1].
Urte askotan zehar uste izan zen Juana Josefa haurdun zegoela leizera bota zutenean, baina Aranzadi Zientzia Elkartearen ikerketek ez dute feto baten arraskorik topatu aurkitutako arrastoen artean[2].
Sagardia Goñi familiaren sarraskia 1936ko abuztuaren 30ean gertatu zen, Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian hasi berri zenean (1936ko uztaila). Estatu kolpea eman zen eta tropa frankistak Bilbora sartu eta mendebaldeko Bizkaiko muga okupatu zuten. Espainian gerra amaitu arte (1939ko apirila), Hego Euskal Herria atzegoardian geratu zen, elikagaien eskasia eta errepresio gogor bat pairatuz.
Legarreako leizerako sarrera harkaitzean dagoen zulo txiki bat da. Gazteluko (Donamaria) baso-eremu batean dago kokatua, eta hainbat urtez zabortegi bihurtu zen. Era guztietako objektu, altzari, etxetresna elektriko eta hondakin ugari bota ziren bertara. Horregatik, indusketa lanak hasterakoan, zaborra izan zen Paco Etxeberria Bilboko Mediku Zientzien Akademiako auzitegiko medikuak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko taldeak gailendu behar izan zuten lehen oztopoa[3].
Espainiako Gerra Zibilean, Gaztelun krimenik bortitzenetako bat gertatu zen, Nafarroako pertsona errugabeen aurka piztu zen indarkeriaren erakusgarri ugarien artean. Familia bati eragin zion, Pedro Antonio Sagardia eta haren emazte Juana Josefa Goñi, zortzi seme-alaba zituztenak: José Martín, Joaquín, Francisco Javier, Antonio, Pedro Julián, Martina, José María eta Asunción.
Pedro Sagardia ikazkin gisa agertzen zen lanbidez, eta jasota dago Santiagoko zortzikotearekin, erreketeekin, erroldatu zela, eta gerra frontera eraman zuela. Alabaina, urtebete geroago, 1937ko abuztuan, etxera itzultzeko eskatu zuen, bere familia non zegoen jakiteko. Urte oso bat zeraman berririk gabe. 1936ko abuztuaren 30ean emaztea eta zazpi seme-alabetako sei desagertu zirenean, herritarrek batzarra egin zuten, eta familia herritik kanporatzea erabaki zuten, herriko baratzeetan lapurreta txikiak egin izana egotzita. Baina Pedro Sagardia Gaztelura itzuli zenean, ez zekien ezer horretaz. Bizilagunek ere ez zioten gertatutakoa kontatu. Ez dakigu zergatik joan ziren aita eta seme zaharrena frontera, baina behartuak izan zirela dioten testigantzak daude. 38 urteko ama etxean geratu zen beste sei seme-alabekin. Hasieran bizilagunek familiari lagundu zioten, baina gerrak beharrak areagotu ahala, baratzeetan ebasketa txikiak egitea leporatzen hasi zitzaizkien. Doneztebeko Guardia Zibilaren postuan salatu zituzten, baina han aditzera eman zitzaien beren erara konpontzeko. Hurrengo egunean, bizilagun batzuek etxea uztera eta mendiko txabola batera joatera behartu zituzten, eta han desagertu ziren, arrastorik utzi gabe[4].
Bizirik bota zituzten Gazteluko leize sakonera, eta haien hezurrak 2016. urtera arte ez zituzten berreskatatu. Mendiko txabola erre egin zuten. Pedro Sagardiak bere familia desagertzeagatik jarri zuen salaketaren laburpen ofizial batean, familiaren eta gainerako bizilagunen artean gertatzen ziren desadostasunak jasotzen dira: “1936an, abuztuaren hasieran, salatzailea, Pedro Sagardiak Eugiko mendietan lanean ari zela, emaztearen abisua jaso zuen, bere bizilekuko herrira, Gaztelura, joateko, Agintaritzak etxea eta herria uzteko eskatu baitzion. Salatzaileak ez zekien zein agintarik agindu zion bere familiari etxetik eta herritik irteteko. Horrez gain, ezin izan ziren kausak zehaztu.”[5]
Familiaren senide zen Sagardia jeneralak ikerketa bat hasi zuen. Suhiltzaileek ezin izan zuten leizearen hondora iritsi, eta soldaduen miaketak ere ez zuen aztarnarik eman. Bizilagun batzuk atxilotu zituzten, eta behin behinean aske utzi. Geroago, Sagardia jeneralak, nagusiek aholkatuta, ikerketak eten zituen eta gertaera ahaztua izan zen, tabu bihurtuz. Aita gerratik itzuli eta handik gutxira hil zen. Anaia zaharrena Nafarroa Beherera joan zen, eta Iruñean hil zen 2007an[6].
Familia desagertu ostean, ikerketak hasi ziren eta ezinezkoa izan zen krimena baieztatzea, baina historia ezaguna zen inguru osoan. Gorpuen deshobiratzeak, 2016ko irailean, azkenean baieztatu zuen kontakizuna egia zela[7]. Familiaren historia neurri batean konponduta geratzen da, baina oraindik ez dago zergatiaren azalpenik, ez dakigu zergatik 1936an Gazteluko bizilagunek familia oso bat leize horretara bota zuten.
Paco Etxeberria medikuak seme-alaba guztien aldaketako hezurrak aurkitu zituen, txikienetik zaharrenera. Aldakako hezurrak, femur batenak, bi besoetako hezurrenak, Juana Josefaren sorbalda eta lepauztaiarenak eta Antonioren besoko hezur batenak ere bai. Gainera, espartinen kautxuzko hiru zola aurkitu omen zituen. Etxeberriak adierazi zuen, halaber, ez zutela fetuaren arrastorik aurkitu eta, beraz, ez zela benetakoa 80 urtean zehar kontatu izan zen bertsioa, Juana Josefa 7 hilabetez haurdun zegoela, alegia.[2]
Urtebete geroago, 2017ko irailean, Sagardia familia omentzeko ekitaldi bat egin zen leizean bertan. Gazteluko Udalak familiaren hilerriko nitxo bat utzi die Sagardia familiaren senideei, gehienak Gipuzkoan bizi baitira, Juana Josefaren eta haren seme-alaben gorpuzkiak bertan lurperatu ahal izateko. Hala ere, 80 urte geroago, auzotarren artean oraindik ere isiltasuna nagusitu da.[8]
Jose Mari Esparzak defendatutako tesiaren arabera, Sagardia familiaren krimena ez zen ideologikoa izan. Behintzat, ez zen garai hartan erabiltzeko motibazio politikorik izan, koinatu gorri bat zuten arren. Krimen politikoaren teoria baztertuta, zaildu egiten da sarraskiaren arrazoiak aurkitzea. Senarrari ere ez zioten argitu. Salaketaren arabera, Pedro Sagardia Gaztelura itzuli zenean, ez zioten utzi herrira sartzen, eta guardian zeuden herritarrek, tartean alkateak, atxilotuta eraman zuten Doneztebeko Guardia Zibilaren kuartelera. Astebetez kartzelan egon ondoren, ez zioten deklaraziorik hartu eta ez zioten deliturik leporatu. Askatu zutenean, Gaztelura ez itzultzeko eta handik alde egiteko ohartarazi zioten.
Garaiko apaizaren, bizilagunen, Guardia Zibilaren... arabera, bitxikeriak egiten zituen familia bat zen, herritik bota behar izan zuten familia bat. Alabaina, inork ez zituela leizetik behera bota. Familiarekiko etsaitasun-giroa zegoen. Apaizak berak, Justo Ariztia jaunak, honela erantzun zion Guardia Zibilari: «Oraindik gai horrekin zabiltzate? Hortik joango ziren». Herri oso katoliko batean, apaizak dena zekien aitorpenaren sekretuarekin.
Sumarioan agertzen diren deklarazioek honako hau diote: “Juana Josefa emakume «oso ederra», «Ederra», «ondo ikusteko modukoa»… zen”. Horrek, lizunkeria eta inbidiak ekar diezazkiguke gogora.
Bekaizkeria, lizunkeria, gerraren testuingurua eta nahi gabekoen garbiketaren tesiez gain, kontuan hartu behar da abuztuaren 30ean ilargi betea zegoela, eta psikiatra batzuek zenbait portaeratan eragin kaltegarriez hitz egiten dute.
Horrez gain, sorginkeri kontuak ere aipatu ziren. Esaten zen Juana Josefaren amak txingar-pertza bat erabiltzen zuela, eta guraize ireki bat hartuz, gurutze itxurako oihal batez estaltzen zuela. Sutara botatzen zuen, gatza botatzen zion eta otoizlaburra bat esaten zuen euskaraz. Bere senarra nahiko alferra zen, eta beste emakume batzuekin joan ez zedin egiten zuen. Gainera, Juana Josefaren ahizpa tximistak jo zuelako hil zen. Nahiko bitxia izan zen, eta garai erlijioso hartan jainkoaren zigorraren seinale garbia zen[9].
2020ko irailaren 30ean Nafarroako Gobernuak Legarreako Leizea Nafarroako Memoria Historikoaren Leku izendatzeko erabakia hartu zuen[10][11].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.