PISA txostena
ELGA erakundeak sustatutako nazioarteko hezkuntza ebaluazioa / From Wikipedia, the free encyclopedia
PISA txostena edo Ikasleen Ebaluaziorako Nazioarteko Programa, maiz ingelesezko PISA akronimoarekin ezagunagoa (ingelesez: PISA:Programme for International Student Assessment), Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA-OCDE) egiten duen ikerketa multzo bat da eta horren helburua estatuen hezkuntza sistemen eraginkortasuna neurtzea da. Inkestak hiru urtean behin egiten dira eta 15 urteko gaztetxoak hartzen ditu helburu. ELGAko 34 herrialde kidek parte hartzen dute eta baita ere bazkide diren beste batzuk ere. Denen artean "PISA sailkapena" delakoa osatzen dute.[1]
Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea (ELGA-OCDE) izeneko erakundeak ordaintzen ditu ikerketak eta helburua estatuen hezkuntza sistemen eraginkortasuna neurtzea da. ELGAren PISA proiektua nazioarteko ebaluazio estandarizatua da, 15 urteko ikasleei egiten zaiena. 2000. urtean, 32 estatuk hartu zuten parte; 41ek, 2003an; 57k, 2006an; eta 2009an, 63 estatuk. Eta kopurua goraka joan da azken urte hauetan. 2018. urtean munduko 80 estatuk hartuko zuten parte[2] eta horietatik 35 ELGA-OCDEkoak.
Aldez aurretik, ikerlariek emaitza hobeak espero izaten dituzte herrialde aberatsenen hezkuntza sistemetan herri pobreetan baino; baina gero, egindako ikerketek erakutsi ohi dute faktore asko daudela nahasita, emaitza onak edo txarrak azaltzerakoan. PISA ikerketaren helburua da faktore horiek identifikatzea, hezkuntza sistemetan hobekuntzak proposatzeko.