Parma Calcio 1913 (2004 arte A.C. Parma eta 2015 arte Parma F.C.) Parma hiriko futbol talde nagusia da. Italiako 3 Kopa irabazi ditu bai eta Europako Errekopa. 1993ko ekitaldi hartan Bilboko Athletic Kluba utzi zuen bidean. Ondoren UEFA Kopa bi ere irabazi zituen.
Etxeko partidak Ennio Tardini estadioan jokatzen ditu.
1913an Verdi Football Club izenarekin sortu zen, baina talde zaharra izan arren ez zen 1990 arte Lehenengo mailara igo. 90. hamarkadan ezagutu zuen garai onena A.C. Parma izenarekin. 2004ean Parma FC bihurtzea erabaki zuten. Jantziaren koloreak ere sarritan aldatu dituzte, beti ere armarriko kolore urdin, hori, zuri eta beltzarekin jokatuz.
2015eko martxoan porrot ekonomikoa jasan zuen eta talde berria eratu zen, S.S.D. Parma Calcio 1913 bihurtuz. Behe mailetatik hasi eta 2017-18 denboraldian Serie B-an bigarren egin ondoren goren mailara iritsi zen.
Parma taldearen aurreneko uniformean kolore hori-urdinak agertzen ziren, Parmako dukerriaren kolore historikoak. Lehen Mundu Gerraren ondoren gurutze beltza eta kamiseta zuria hartu zituen, Juventusen uniformean inspiratua. Ordutik aurrera uniforme biak tartekatu ditu.