Lankide:NaiaElordui/Proba orria
From Wikipedia, the free encyclopedia
Nerbio-sistema sentsoriala informazio sentsoriala prozesatzen duen nerbio-sistemaren atala da. Zentzumen-sistemaren oinarriak dira neurona sentsorialak, zelula-hartzaile sentsorialak barne, nerbio-bideak, eta pertzepzio sentsoriala biltzen duten garunaren zatiak. Oro har, hauek dira ezagun diren zentzumen-sistemak: ikusmena, entzumena, ukimena, dastamena, usaimena eta oreka. Laburbilduz, zentzumenak mundu fisikotik kontzientziaren erreinurainoko transduktoreak dira, informazioa interpretatu eta gure ingurunearen pertzepzioa sortzen dutenak.[1]
Organismoek informazioa behar dute gutxienez hiru motatako arazoak konpontzeko: (a) ingurune egokia mantentzeko, homeostasia; (b) ekintzak kronometratzeko, aldiroko portaera-aldaketak, adibidez, edo espezie berekoen jarduerak sinkronizatzeko; eta (c) baliabideak aurkitzeko eta mehatxuei erantzuteko, baliabideetara hurbilduz edo mehatxuak saihestuz edo eraso eginez, adibidez. Organismoek, aldi berean, informazioa transmititu behar dute besteen portaeraren gainean eragiteko: beren burua identifikatzeko, espezie berekoak arriskuaz ohartarazteko, ekintzak koordinatzeko edota engainatzeko.[2]
Harrera-eremua organo eta zelula hartzaileek erantzuten dioten gorputzaren edo ingurunearen eskualde bat da. Begi batek ikus dezakeen munduaren zatia haren harrera-eremua da; era berean, bastoi eta kono bakoitzak ikus dezakeen argia haren harrera-eremua da.[3] Harrera-eremuak identifikatu dira ikusmen-sisteman, entzumen-sisteman eta sistema somatosentsorialean.