Mitosia (grezierazko mitos-etik, "filamentuak" edo "harizpiak"), biologian, zelula eukariotoen nukleoan gertatzen den prozesu bat da, non kromosomak modu ekitatiboan banatzen diren bi zelula-alaben artean, informazio genetiko bera izan dezaten. Banaketa mota hau zelula somatikoetan gertatzen da, eta organismoko zelula guztiek (zelula germinalek izan ezik) zigotoaren dotazio kromosomiko berdina izan dezaten ahalbidetzen du [1]. Zelula eukariotoen zatiketa ziklo zelularraren parte da. Ziklo zelularrak bi aldi hartzen ditu bere baitan: interfasea, non DNAren bikoizketa gertatzen den, eta mitosia, non lehen bikoiztutako material genetikoaren banaketa identikoa gertatzen den.
Sarrera
Mitosia nukleo zelularraren banaketa mota bat da, non kromosometan dagoen informazio genetikoa aldaketarik gabe, bi zelula alabetan barrena banatzen den. Zatiketa proesu honen ondorioz, bi nukleo (kariozinesia) sortzen dira, eta ondoren, mitosiaz aparteko beste prozesu baten bidez, zitoplasma (zitozinesia) banatu eta zelula-ama, bi zelula alaba identikotan banatzen da. Mitosiaren funtsa, beraz, ama-zelularen material genetikoa ondorengo bi zelulen artean banatzean datza, zelula berri bakoitzak ama-zelulak duen kromosomen kopuru bera jasoz.
Mitosia, izaki zelulabakarretan, ugalketa asexualeko mekanismo bat da, populazioaren banako kopurua handitzen duelako. Aldiz, izaki zelulanitzetan, organismoen hazkuntzaren eta konponketa tisularraren oinarria da, mitosiaren ondorioz sortutako zelulek gizabanakoa haztea eta hildako zelulak birjartzea ahalbidetzen duelako. [2]
Genoma kromosometan antolatutako gene kopuru jakin batek osatzen du. Kromosoma horiek zelularentzat eta organismoarentzat ezinbestekoa den informazio genetikoa biltzen dute bere baitan, eta histonen inguruan oso kiribildu eta kondentsatutako DNA harizpiek osatzen dituzte [3]. Zelula bakoitzak bere espeziearen informazio genetikoa osoa biltzen duenez, zelula amak kromosoma bakoitzaren kopia bat egin behar du mitosia hasi aurretik, sortuko diren bi zelula alabek informazio genetiko osoa eta berdina jaso dezaten. DNAren bikoizketaren ondorioz, kromosoma bakoitzak bi kromatida ahizpa (DNA harizpi kopiak) izango ditu, euren artean zentromero izeneko egitura baten bidez lotuak[4]. Hau ziklo zelularreko interfasearen s fasean gertatzen da, ziklo zelularrean mitosiarekin txandakatzen den periodoa, non zelula, besteak beste, zatitzeko prestatzen den [3].
Mitosiaren faseak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mitosian 4 fase desberdintzen dira: Profase, Metafase, Anafase eta Telofasea. Lau fase horiek mitosia hobeto ulertzeko erabiltzen dira, baina prozesu mitotikoa jarraitua da eta ez du faseren arteko mugaketarik.
Profasea[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Profasea mitosiaren faserik luzeena da. Fase honetan kromatina (kromosomen osagai nagusia) kondentsatzen hasten da, eta kondentsazio edo trinkotze horren ondorioz kromosomak agertzen dira (interfasean kromosomak ez dira ikusgaiak).
Kromosoma bakoitzak bi kromatida ditu fase horretan, zentromero izeneko egitura baten bitartez lotuak.
Kromosomak agertzeaz gain, nukleoaren mintza desagertzen da profasean, kromosomak aske geratuz zitoplasman. Nukleoloa ere desgartzen da.
Aldi berean, zentrosomaren bi zentrioloak (interfasean bikoiztu direnak) zelularen polo banatara joaten dira. Zentrioloen mugimendu honekin batera mikrotubuluak agertzen dira eta baita ardatz akromatikoa ere. Fase honen bukaeran zentrioloak zelularen bi muturretan kokatzen dira.
Metafasea[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kromosomak mugitzen dira eta ardatz akromatikoaren erdialdean kokatzen dira. Kromosoma bakoitzaren kromatidak zentromeroaren bidez lotzen dira ardatzaren mikrotubuluetara.
Kromosomak era perpendikularrean lotzen dira ardatzari, plaka ekuatorial izeneko egitura sortuz.
Fase honetan kromosomak oso ondo ikusten dira mikroskopioan, trinkotzerik handiena dutelako.
Anafasea[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kromosoma bakoitzaren bi kromatidak banatu eta zelularen kontrako poloetara abiatzen direnean hasten da anafasea. Momentu horretatik, kromatida bakarra kromosoma bat eratzen du, kromosoma anafasikoa deitua.
Anafasea mitosiaren funtsezko fasea da, fase honetan ama-zelularen kromosomak bitan banatzen baitira.
Kromatiden mugimendua zelularen aurkako poloetara ardatzaren mikrotubuluen mugimenduaren ondorioa da (mikrotubulu horiek laburpen-mugimendu bat burutzen baitute)
Telofasea[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kromosomak zelularen bi poloetara iristen direnean hasten da telofasea. Profasearen alderantzizko prozesuak gertatzen dira: mikrotubuluak desagertzen dira, zelularen polo bakoitzean (kromosomak dauden lekuetan) nukleoaren mintza eta nukleoloa agertzen dira, kromosomak deskondentsatu egiten dira eta ikusezinak bihurtzen dira berriz, interfasean bezala.
Telofasea bukatzerakoan zitozinesia edo zitoplasmaren banaketa dator. Prozesu honen bidez ama-zelula bitan banatzen da, ziklo zelularrari amaiera emanez.
Erreferentziak
Wikiwand in your browser!
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.