From Wikipedia, the free encyclopedia
Igeriketa artistikoa (2017ra arte igeriketa sinkronizatua) igeriketa, gimnastika eta dantza bateratzen dituen uretako kirol bat da. Uretan, musikaren erritmoa jarraituz, mugimendu segida batzuk egiten dituzten igerilariak (banaka, binaka edo taldeka) ditu oinarri.
Hasieran neskek bakarrik praktikatzen zuten kirol bat izan arren, pixkanaka eta denborarekin, mutilek zein neskek praktikatzen duten kirol bihurtu da. Kirol honetan, ezinbestekoak dira, uretako gaitasun handiak izateaz gain, erresistentzia fisikoa, malgutasuna, artea, apnearen kontrola ur-azpian eta zehaztasuna denboran. Distirak, sormena eta makillajea, koordinazioa eta teknika bezain faktore garrantzitsuak dira.[1]
2015ean bikote mistoen diziplina gehitu zen, mutilen lehiatzeko eskaera zela eta. Igeriketa sinkronizatuan lehiatzen lehenengo mutila Bill May estatubatuarra izan zen, eta bigarrena Benoit Beaufils frantsesa. Espainiak ere bere bikote mistoa izan zuen, Pau Ribes eta Gemma Mengualek osatuta.
Igeriketa sinkronizatuak salbamendu eta igeriketa teknika desberdinetan dauka jatorria.
XX. mendearen hasieran, igeriketa sinkronizatua ballet akuatikoa bezala ezagutzen zen. Lehenengo lehiaketa Berlinen (Alemania) izan zen 1981. urtean. Klub asko garai hartan sortu ziren, eta kirola pixkanaka garatzen joan zen, hala nola, Australia, Kanada, Estatu Batuak, Alemania, Frantzia eta Espainian.
Lehen urteetan gizonezkoentzako kirola zen, baina oso denbora gutxian emakumezkoen modalitate bihurtu zen. 1907an, Annette Kellermann australiarrak, New Yorken, kirola ezagutarazi zuen ur azpian dantzari bezala egindako erakustaldi batzuetan.[2]
1924. urtean, lehen lehiaketa iparramerikarra Kanadan ospatu zen, Montrealen, eta Peg Seller izan zen txapelduna. Kirol honetako beste aitzindari batzuk, Beulah Gundling, Käthe Jacobi, Dawn Bean, Billie MacKellar, Teresa Anderson eta Gail Johnson izan ziren.[3] Garai hartako lehiaketa asko ibai eta lakuetan egin ziren.
1930eko hamarkadan zehar, Alemanian, Kanadan eta Estatu Batuetan lehenengo lehiaketak antolatu ziren.[4]
1933-1934 bitartean, Katherine Curtisek “The Modern Mermaids” (“Sirena modernoak") deituriko ikuskizuna antolatu zuen Chicagoko Mundu Feriarako, eta aurkezleak “igeriketa sinkronizatu” bezala aurkeztu zuen. Hori izan zen terminoak izan zuen lehenengo aipamena. Hala ere, Estatu Batuetan lortu zuen ospe handiena Esther Williams igerilari eta aktore famatuaren aqua-musikal azpigeneroko filmekin. Berak zabaldu zuen kirol hau bere filmen bitartez XX. mendeko 40 eta 50eko hamarkadetan zehar.
Igeriketa sinkronizatua, 1973. urtean Belgraden ospatu zen lehiaketaz geroztik, FINAren munduko txapelketetan egon da. Emakumezkoen igeriketa sinkronizatua, 1984. urteko Los Angeles-ko Olinpiar Jokoetan bihurtu zen kirol olinpiko.[5]
Parte-hartzaile guztientzat eta kategoria guztietan, lehiaketa bi zatitan banatzen da: ariketa teknikoa eta ariketa librea. Epaileek, kalitate teknikoa, grazia, eraketa artistikoa musikarekin, indarra, sentiberatasuna, irudi bakoitzaren altuera eta jarrera baloratzen dute, gehienez 10 puntu emanez. Igerilariek igerilekuko hondoa ukitzen badute edo ertzari heltzen badiote, zigor bat jaso dezakete.[6]
Igerilarien kategoria mailaren eta adinaren arabera, burutu beharreko ariketa desberdina da. Igeriketaren Nazioarteko Federazioa (FINA) da, lehiaketetako arauak arautzeaz arduratzen dena, eta modu erregular batean lehiaketa eta ekitaldiak antolatzen dituena.
Igerilariek, derrigorrezkoa den elementu multzo bat egin behar dute. Horiek ordena jakin bat jarraituz eta aldez aurretik zehaztutako denbora batean burutu behar dira. Banakako lehiaketetan 2 minutu dituzte derrigorrezko 7 elementu desberdin egiteko; bikote modalitatean 2’20” bederatzi elementu egiteko eta “ispilu” erako ariketak ez daude onartuta; taldeko modalitatean 3 minutu 19 elementu eta, gutxienez, formazio biribil bat eta marra zuzeneko formazio bat egiteko.
Lehiaketan, ariketa teknikoak azken puntuazioaren % 50 suposatzen du. Hala ere % 100eko balioa izan dezake, sailkapena ariketa librearen mende ez badago. Horrela egin zen 2007ko munduko txapelketan, zeinetan ariketa teknikoan dominak egon ziren. Espainian, modalitate horri “indibiduala” deitzen zaio.
Denbora mugek, marjina bat daukate goitik eta behetik eta horrek nolabaiteko malgutasuna ematen dio ariketari. Igerilarien adinaren eta kategoria-mailaren arabera denborak aldatu egiten dira; zenbat eta gazteagoak izan orduan eta denbora gutxiagoan aritzen dira.
Igerilariek beren ikuskizunei ukitu pertsonal eta artistiko bat ezartzen diete, inongo derrigorrezko elementurik egiteko beharrik gabe. Normalean, igerilariak igerilekutik kanpo hasten dira eta 10 segundo dituzte uretan sartzeko. Aurreko ariketan bezala, ariketa libreak bukaerako puntuazioaren % 50eko balioa du, beti ere, ariketa librea bereiz hartzen ez bada. Ariketa librearen iraupena 2-4 minutu artekoa izan ohi da.
Posizioak eta oinarrizko trantsizioak konbinatzen dira irudiak eta ariketa tekniko zein libreak egiteko.
Igerilariek ariketa edo “errutina” desberdinak prestatzen dituzte, irudi deituriko oinarrizko posizioen konbinaketa desberdinak eta trantsizioak eginez. Ekitaldietan, sormenezko trantsizioak erabiltzen dituzte igerilekuaren alde batetik bestera mugitzeko, ariketak igerileku osoan zehar mugituz burutu behar baitira.
Bikote modalitatean, igerilarien arteko koordinazio perfektu bat eta kidearen gorputzarekin sinkronizazio ona eskatzen da. Errutina librean ez daude derrigortuak irudiak aldi berean egitera, baina bien mugimenduek koordinatuak egon behar dute. Modalitate honetan bakarkakoan baino puntuazio altuagoa eman daiteke, bien arteko koordinazioa musika hasten den momentutik daukatelako.
Modalitate honetan taldeak 8 igerilarik osatzen dituzte. Guztiz sinkronizaturik jardun behar dute nahiz eta guztiek figura berdina ez egin. Modalitate honek, entrenamendu ordu asko eskatzen ditu. Kategoria absolutuko lehiaketa ofizialetan, ariketa tekniko bat eta ariketa libre bat eraman behar dute aurrera.
Modalitate hau talde modalitatearen antzekoa da baina bakarkako ariketak barne hartzen ditu, hau da, igerilariek koreografia berean, elkarrekin igeri egiten dute baina gero bakoitzak bakarka igeri egiten du, bukaeran berriz denek elkarrekin igeri egiteko. Modalitate hau ariketa libretzat hartzen da.[7]
1952. urteko Olinpiar Jokoetan izan zen kirol honen lehenengo erakustaldi olinpikoa. Hala ere, igeriketa sinkronizatua ez zen kirol olinpiko ofizial bilakatu 1984. urteko Olinpiar Jokoak arte. 1968. urtean ofizialki, FINA-k uretako laugarren kirol bezala ezagutzera eman zuen, igeriketa, tranpolin jauziak eta waterpoloaren atzetik.
1984. urtetik 1992. urtera, Olinpiar Jokoetan modalitate indibiduala eta bikotekoa zeuden bakarrik, 1996. urtean talde modalitatea ere sartu zen arte. Eta hortik aurrera Olinpiada guztietan modalitate guztiak egon dira.
Ekitaldiak | 1984 | 1988 | 1992 | 1996 | 2000 | 2004 | 2008 | 2012 | 2016 | Urteak |
Emakumeen taldea | • | • | • | • | • | • | 6 | |||
Emakumeak bikoteka | • | • | • | • | • | • | • | • | 8 | |
Emakumeak banaka | • | • | • | 3 | ||||||
Guztira | 2 | 2 | 2 | 1 | 2 | 2 | 2 | 2 | 2 |
Lehiaketetan eta entrenamenduetan, igerilariek pintza moduko bat daramate sudurrean, ur azpian daudenean ura sudurretik ez sartzeko. Horrez gain, igerilari batzuek, tapoi moduko batzuk ere jartzen dituzte belarriak babesteko. Normalean ez dute txanorik erabiltzen eta orrazkera bere lekuan mantentzeko gelatina moduko bat ipintzen dute ilean.
Igerilariek diseinatutako bainujantziak eramaten dituzte distira eta kolore adierazgarriekin apainduta, erabiliko duten musikarekin lotura ahalik eta handiena lortzeko. Bainujantzia eta musika ez dira epaitzen baina eragina dute ikuskizunaren adierazgarritasunean. Erabiltzen duten musika oso garrantzitsua izaten da errutinan egiten dituzten mugimendu eta irudiekin lotura bat izateko.
Igerilariek ere makillajea jartzen dute aurpegian lehiatzerako orduan, baina azken urteetan, FINAk makillaje naturala (edo ahalik eta naturalena) eramatera derrigortzen ditu, ez dago baimenduta gehiegizko makillajea.
2012. urtean Estatu Batuetako bi medikuk ikusi zuten igerilariek ordu asko pasatzen zituztela uretan entrenatzen, eta entrenamendu saio guztietan, nahiz eta uretan egon eta mina jasangarriagoa izan, igerilari askok mugimenduak egitean, askotan, taldekideen kolpe asko jasotzen zituzten buruan nahigabe. Horregatik, buruko kolpe horiek sortutako ondorioak ahalik eta gehien murrizteko kontzientzia eta prebentzioan lan egiten hasi ziren.[8] Kirol honetako igerilariek gehien pairatzen dituzten arazoak burukoak dira, kolpe horien eraginez.[9] Hala ere, tendoietako lesioak ere maiztasun handiz gertatzen dira.
Euskadiko Igeriketa federazioaren eta Nafarroako Igeriketa federazioaren barruan aurkitzen diren modalitate guztien artean, igeriketa sinkronizatua dago. Modalitate honetan txapelketak antolatzen dira beheko kategorietatik hasi eta kategoria goreneraino. Modalitate hau Gipuzkoa, Araba zein Bizkaian aurki daiteke, bertan duela urte batzuk sortu ziren talde desberdinetan. Txapelketak eta igerilariak entrenatzeko taldeak egoteaz gain, badaude epaileei formazioa emateko hainbat ikastaro ere.[10]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.