From Wikipedia, the free encyclopedia
Go jokoa (txinera tradizionalez: 圍棋; txinera sinplifikatuz: 围棋; pinyinez: wéiqí; (japonieraz: 囲碁 , igo) ; Hangul: 바둑; RR: baduk) Txinan sortutako estrategia joko bat da, bi jokalarirentzat, taula baten gainean jokatzen dena. K.a. 2000 eta 200 urteen artean garatu zen. Oso hedatua dago da Ekialdeko Asian, batez ere Txinan, Korean eta Japonian, gero eta gehiago mundu osoan ere bai.
Bi jokalariek txandaka kokatzen dituzte pieza zuriak eta beltzak, «harriak», 19 ×19 lerroko sareta bateko elkargune hutsetan («puntuak»); jokalari hasiberriek sarri 9 × 9 edota 13 × 13 lerroko taula txikiagoetan jokatzen dute.[1] Jokoaren helburua da norberaren harriak erabiltzea, aurkariarena baino handiagoa den eremu oso bat («lurraldea») inguratzeko.[2] Behin taulan jarrita, harriak ezin dira berriro mugitu, baina bai kendu daitezke, harrapatuak direnean; horretarako, aurkariaren harri bat edo harri multzo bat inguratu behar da, elkarren ondoan dauden puntu ortogonal guztiak hartuz («askatasunak»).[3] Jokalariek horrela jarraitzen dute, beste mugimendurik egin nahi ez duten arte; jokoak ez du baldintza berezirik amaitzeko. Jokoa amaitzen denean, zenbatzen da lurraldea, harrapatutako harriak eta komidashi, irabazlea zein den jakiteko.[4] Jokoa irabaz daiteke, baita ere, aurkariak etsi egiten badu.
Jokoaren jatorrizko izena da txinera tradizionalean 圍棋 eta sinplifikatuan 围棋 (wéiqí, ahoskatuta ueitxii); japonieraz 囲碁 (igo) eta koreeraz 바둑 (baduk).
Go izena Mendebaldean soilik erabiltzen da, 棋 (qi, ahoskatuta txii) txinatar hitzaren japonierazko ahoskeratik dator, gutxi gorabehera taula joko gisa itzul litekeena. Txinerazko izenaren hasierako wei ideogramak «hesitu, inguratu, blokatu» esan nahi du; beraz, «inguratzeko taula joko» honetan, hain zuzen ere, bi aurkariren arteko lurraldeak hesitu edo inguratu nahi dira.
Korean txin, txi, xu, jua esamoldea erabiltzen zen, hau da, «musika tresnaren bat jo, go jokoan aritu, kaligrafia onez idatzi eta koadroren bat margotzen jakin». Horiek ziren Txina tradizionaleko intelektual batek menderatu behar zituen oinarrizko trebetasunak.[5]
Historialarien arabera, Zhou dinastiaren garaian (K.a. 1134-247), gutxienez, go jokoaren hastapenak asmatua zeuden, Konfuzioren liburuetan (K.a. 551-497) jada aipatzen baitzen.[6]
Hiru Erresumen garaiaren lehen urteak iritsi arte (220-226 urteen inguruan) Arteen Tratatuan esaten zen qi jokoak 17 lerro horizontal eta 17 lerro bertikal zituela. Alabaina, 600 bat urteren buruan, Tang dinastiaren amaieran, IX. mendean, jada aipatzen zen taulak 19 lerro zituela.[7]
Antzinako Txinako klase intelektualen eta agintariena izan zen beti qi jokoa, ez zen inoiz zabaldu jende xehearen artean. Gerrarekin zeukan antzagatik, militarren joko kutunetako bat ere izan zen. Sui dinastiaren garaian idatzitako liburu baten arabera, Liango Wu enperadoreak (502-549) qi tratatua idatzi zuen eta Estrategia Handian sartu zuen, gerraren artearen maisulana, armadako agintari militar guztiek nahitaez ikasi beharrekoa.[8][9]
Qi jokoa Japoniara 735. urte inguruan eraman zuen Kibi no Makibi (txinera tradizionalez: 吉備 真備) izeneko sangha budista japoniar batek, eta oso harrera ona izan zuen herrialde hartan.[10] Hasieran, gorteko girora mugatuta egon bazen ere, poliki-poliki zabaldu zen samuraien, budisten, sintoisten artean.[11] Besteak beste, Murasaki Shikibu emakume idazlearen Genji Monogotari eleberrian (1010eko hamarkada) aipatzen da go jokoa, non Kanren ( (japonieraz: 寛蓮 ) ) izeneko lekaime bat Gosei ( (japonieraz: 碁聖 , go maisu) izendatzen baitu.[12]
Japonia izan zen go jokalari profesionalen sistema ezarri zuen lehen herrialdea, duela 400 urte. Nihon Ki-in Japoniako go akademia ospetsua, autoritate akademiko eta federatibo moduko bat, 1924an sortu zen. Oinarrizko funtzioak ditu go jokoaren artea irakastea, lehiaketa publikoak gainbegiratzea eta profesional edo zaleei kategoria tituluak ematea. Kategoriak goi mailako bederatzi «dan» edo gradutan sailkatzen dira, eta behe mailako beste horrenbestetan. Akademiak ere titulu bereziak ematen dizkie benetako txapeldunei, adibidez, Hon in-bono (txapeldun nazionala) eta Mei jin (maisu handia).[13]
Ekialdeko Asia berrogeita hamar bat milioi jokalari daude. Gehienetan, haurtzaroan ikasten dute jokoan, eskoletan aritzen dira, enpresetako jantokietan, eta «go aretoak» izeneko leku berezietan. Atseden hutsagatik jokatzen da, burua suspertzeko, edo —jokalari profesionalen kasuan— sari mamitsuak irabazteko.[14]
Go jokoa ekialde urrunera joandako europar bidaiariek XVII. mendeaz geroztik azaldu bazuten ere, 1880ra arte ez zen Europan jokatzen hasi. Jokoa poliki-poliki zabaltzen joan zen, 1958an jokatu zelarik Europako lehen txapelketa. Gaur egun, go jokatzen da Europako herrialde guztietan, nahiz eta joko maila ekialdeko profesionalena baino nabarmen beherago dagoen.[15] Europako jokalari onenak Japoniara joan izan dira jokoa ikastera.
Jokoaren taulak —japonieraz goban— 45-48 cm arteko luzera eta 42-44 cm arteko zabalera izaten du. Taula txinatarrak handixeagoak dira, jokoan erabiltzen diren harriak ere handixeagoak baitira. Taula ez da, beraz, guztiz karratua: 15:14 erlazioa dago luzeraren eta zabaleraren artean.
Bi taula mota nagusi daude:
Taulan 19 × 19 marra horizontal eta bertikal daude marraztuta, karratuak osatuz. Badaude, dena dela, bertsio txikiagoak ere, nagusiki 9 × 9 eta 13 × 13 marrakoan, jolasean hasteko edo estrategiak ikasteko, inoiz ez lehiatzeko. Garrantzitsua da azpimarratzea ez direla laukiak zenbatzen, lerroak baizik, horiek baitira jokoaren euskarri, beste joko ezagun batzuetan ez bezala, hala nola xakea edo damak.
Taula japoniar tradizionalak 10-18 cm arteko lodiera du, eta lurrezkoa izan ohi da.[16] Ahal dela, khaya zurarekin egiten da, eta 700 urteko zura erabiltzen da taula finenak egiteko. Torreya californica zuhaitzaren zura ere erabiltzen da taulak egiteko ere, merkeagoa baita. Japoniako baliabide naturalak ez dira gai izan bi zuhaitz mota horietatik behar adina egur ekoizteko, eskari handiari erantzuteko: zuhaitzek ehunka urte behar dituzte behar adina hazteko, eta gaur egun oso zaila da behar den adina eta kalitatea duten aleak aurkitzea. Japonian, debekatuta dago khaya zuhaitz biziak moztea, espeziea babestuta baitago: zuhaitzak arrazoi naturalengatik hil behar du moztu aurretik. Hori guztia dela eta, khayaren benetako zurezko taula baten prezioa 10.000 dolarretik gorakoa da, eta kasu batzuetan 60.000 dolarretik gorakoa ere bai.[17]
Beste zur merkeago batzuk erabiltzen dira, dena dela, kalitatezko gobanak egiteko, hala nola hiba (Thujopsis dolabrata), katsura, kauri (Agathis australis), eta shin kaya (picea barietateak, gehienetan Alaskatik, Siberiatik eta Txinako Yunnan probintziatik hartuak.[17] 2000. urteaz geroztik, taula batzuk banbuz egin izan dira. Oso sendoak dira, eta estetika paregabea dute; gainera, nahiko merkeak dira. Plastikozkoak, magnetikoak edo tolesgarriak (bidaietakoak) ere badaude.
Go harri ―japonieraz goishi― multzo batek 181 harri beltz eta 180 harri zuri izan ohi ditu. 19 × 19 lerroko taula batek 361 puntu dituenez, taula betetzeko aski harri daude; harri beltz bat gehiago dago, lehenengo mugitzen duen jokalariarena baita. Bi harri mota nagusi daude: ganbilak, alde bat laua dutenak, eta bikonbexuak, bi aldeek antzeko kurbadura dutenak. Mota bakoitzak abantailak eta desabantailak ditu: harri ganbilak, alde laua taularantz jarrita, ez dira lekuz erraz mugitzen, taula zertxobait oratzen bada. Gainera, jokoa amaitu ostean aztertu nahi bada, jokalariek harriak alderantziz jarriz aldaketak probatu ditzakete, ondoren jatorrizko posizioak gogoratzea errazagoa baita. Alabaina, harri bikonbexuak aiseago kentzen dira taulatik partida amaitzean.
Japoniako harri tradizionalak bikonbexuak dira, txirla maskorrez (zuriak) eta eskistoz (beltzak) eginak. Erabili ohi zen arbel klasikoa Wakayamako prefekturan ateratzen zen, eta maskorrak hamaguri txirlenak ziren. Hala ere, Japonian horrelako txirla gutxi dagoenez, Mexikon hazitako maskorrekin egiten dira maiz harriak. Historikoki, egon diren harririk baliotsuenak jadez eginak ziren, eta enperadoreari opari gisa eskaintzen zitzaizkion.[18]
Txinan, jokoa gehienetan harri ganbilekin egiten da, yunzi izeneko konposatuaren sinterizazioaren bidez fabrikatuak.[18] Yunnan probintziatik dator materiala, eta haren osaera zehatza sekretupean gordetzen da. Harrien fabrikazio prozesua Tang dinastiaren garaietatik egiten da, eta, 1920ko hamarkadan Txinako Gerra Zibilean galdu ondoren, 1960ko hamarkadan berraurkitu zuen yunzi fabrikatzaileak, gaur egun estatuak zuzentzen duena. Materiala preziatua da bere koloreengatik, taula jotzean egiten duen soinu atseginagatik, eta kostu txikiagatik beste material batzuekin alderatuta, hala nola arbela eta maskorra.
Harri tradizionalak egiten dira harri beltzak izan daitezen zuriak baino zertxobait handiagoak, koloreen kontrasteak sortutako ilusio optikoari aurre egiteko, harri zuriak taula gainean beltzak baino zertxobait handiagoak ikusten baitira.
Harriak gordetzeko ontzi edo katiluak esfera zapal baten formakoak dira.[19] Gehienetan, ontzien estalkiak ahoz gora jartzen dira jokoaren hasieran, partidan zehar aurkariari harrapatzen zaizkion harriak bertan jartzeko. Txinako katiluak handixeagoak eta biribilduagoak dira, Japonian Go Seigen bezala ezagutzen den estiloa. Japoniako Kitani estiloko katiluek brandy kopa baten antzeko forma izan ohi dute.
Ontziak torneatutako egurrez eginak izaten dira. Jakaranda egurra Japoniako ontziak egiteko material tradizionala da, baina oso garestia denez, jujubondo txinatarraren zura erabiltzen da horren ordez. Katilu txinatarrak fabrikatzeko erabiltzen diren beste material batzuk dira zur lakatua, zeramika, harria, lasto ehundua eta rotang.
Katilu estiloei emandako izenak ―Go Seigen eta Kitani― XX. mendeko go jokalari profesional biren omenez hartu ziren, lehena txinatarra eta bestea japoniarra, haiek jotzen baitira «go modernoaren gurasotzat».[20]
Go jokoan, jokalari baten mailak adierazten du jokoan duen trebetasuna. Tradizionalki, kyu eta dan sistema baten bidez neurtzen dira mailak,[21] zenbait borroka artetan egiten den gisan. XX. mendearen azken hamarkadaz geroztik, Elo sailkapenaren antzeko kalifikazio sistema matematikoak erabiltzen dira go jokalarien mailak eta hurrenkerak sortzeko. Kalifikazio sistema horiek, askotan, kyu edo dan mailatara egokituta eskaintzen dituzte kalkulu matematikoak.[22][23]
Kyu graduak ikasle mailatzat hartzen dira. Joko maila zenbat eta hobea, kyu zenbakia orduan eta apalago; horrela, 1. kyu maila da onena. Dan mailak maisu mailatzat hartzen dira, eta gora doaz, 1etik 7ra. Jokalari profesionalek dan maila berezia lortzen dute, dan profesionala, gradu gorena, 9. dan bat.[24]
Partidak handicap batez jokatzen direnean, jokalari ahulenak bere aldeko harri bat dauka diferentzia maila bakoitzeko. Maila profesionaletan, hiru mailako aldeak harri baten eskubidea ematen du.[25]
Nazioarte mailan, badago go jokalarien sailkapen bat, Elo sailkapen sistemaren puntuazioa erabiltzen duena, eta 24 orduz behin eguneratzen dena.[26]
Torneoetan eta go lehiaketetan aplikatzen diren araudietan partiden garapenean eragina izan dezaketen faktoreak jasotzen dira. Arauak desberdinak izan daitezke lehiaketa motaren arabera. Jokoan eragina izan dezaketen arauetako batzuk dira konpentsazio puntuak (komi), handicaparen erabilera eta denboraren kontrola.
Oro har, go txapelketak sailkapen sistemak erabiliz egiten dira ―asko daude, besteak beste, McMahon, suitzarra, ligakoa eta kanporatze zuzenekoa.[27] Txapelketa batzuetan zenbait sistema konbinatzen dira, adibidez liga eta kanporaketa zuzena.[28]
Txapelketetako araudietan xehetasunak ere kontuan har daitezke, hala nola konpentsazio puntuak edo superko arauaren aplikazioa. Konpentsazio puntuek (komi) bigarren jokalaria konpentsatzen dute, aurkariaren hasierako mugimenduaren abantailagatik. Oro har, 5-8 puntu arteko konpentsazioa erabiltzen da eta puntu erdi gehigarri bat berdinketak saihesteko.[29] Superko araua, bestalde, erabiltzen da partida bat ez dadin etengabe harrapatuta gelditu jokaldi eredu berean kiribilduta. Ko arauak agintzen du mugimendu batek ezin duela taula lehen zegoen posiziora itzuli.[30] Gainera, badaude posizio konplexuagoak ere, zeinen ondorioz posizio bat errepikatu egiten baita zenbait jokaldiren buruan. Halako kiribilak saihesteko, ko arauak zabaldu egin daiteke, aurreko edozein posizio errepika ez dadin.[29]
Go jokoaren taulak 19 lerro horizontaleko eta 19 lerro bertikaleko sareta du. Hasiberrientzat, edo partida azkarrak jokatzeko, 13 × 13 edo 9 × 9 lerroko taulekin ere joka daiteke, arau berdinekin. Partidaren hasieran taula hutsik dago. Beltzak hasten dira jokoan. Gero, bi jokalariek txandaka jokatzen dute. Jokaldi batean harri bat jarri behar da elkargune huts batean.
Jokalari batek jokaldi bat egin duenean azken askatasuna kentzen diona aurkariaren harri bati edo harri multzo bati, inguratuta gelditu diren harriak atera behar ditu eta partida amaitu arte bereizita gorde.[31]
Goiko irudiek harrapaketen aurrekoa eta ondorengoa erakusten dute. Harrapaketaren adibideak ikus daitezke taularen erdian, aldeetan eta ertzean. Harrapatzen duen jokalariak aurkariaren harriak gordetzen ditu, partidaren amaieran zenbakitzeko.
Ez da baimentzen jokaldi bat egitea aurkariaren formazio baten barruan azken askatasuna hartzeko («suizidioa»), jokaldi horretan aurkariaren harri bat edo gehiago harrapatzen ez badu.Gogoan hartu, dena dela, arau sistema batzuetan ez dela halakorik aplikatzen (Zeelanda Berriko eta ING sistemetan, besteak beste). Adibideak:
Zuriek debekatuta dute A, B edo E elkarguneetan harri bat jartzea, «suizidioa» izango bailitzateke. Alabaina, C edo D puntuetako edozeinetan joka dezakete, talde beltz horri oraindik barne askatasun bat geratuko litzaiokeelako. Baina zuriek C edo D beteko balute, ezingo lukete aldamenekoa bete berehala. Lehenbizi, aurkariaren formazioa erabat inguratu beharko lukete, erdiko irudian agertzen den bezala. | Zuriek, orain, A, B, C edo E elkarguneak har ditzakete, hori eginda azken askatasuna kentzen baitiete talde beltzei eta harrapatu egiten baitituzte. | Jokaldien emaitza, zuriek beltzei azken askatasuna kendu eta harrapatutako harriak taulatik atera ondoren. |
Ezin da errepikatu taularen aurreko posizio egoera bat. Arau honen bidez saihestu nahi da, adibideko posizioan, zuriak eta beltzak etengabe behin eta berriro harrapatzea markatutako harria (+). Taularen beste alde batean jokatu behar da, ko egoeran dagoen harria harrapatu aurretik. Ikus Ko araua, buruzko informazio gehiago izateko.
Harri bat jarri ordez, jokalariak paso egin dezake, hau da, txanda bat jokatu gabe utzi. Bi jokalariak jarraian paso egiten dutenean, partida amaitu egiten da.
Behin partida amaituta, alde bakoitzaren hildako harriak kendu eta harrapatutakoei gehitzen zaizkie.
Jokalari bakoitzak puntu bat jasotzen du bere lurraldeko elkargune huts bakoitzeko, eta puntu bat aurkariari harrapatutako harri bakoitzeko. Puntu gehien lortzen duenak irabazten du.[32]
Eskuinean, partida amaierako adibide bat ikus daiteke 9 × 9 lerroko taula batean. Partidan, beltzek harri zuri bat harrapatu zuten. Zuriek bi harri harrapatu zizkieten beltzei. Dagoeneko bi aldeetako harri hilak kendu dituzte: 6 beltzenak eta 9 zurienak. Beraz, beltzek 1 + 9 = 10 harri zuri eskuratu dituzte; zuriek 2 + 6 = 8 harri beltz.
Eskuineko puntuazioaren irudian, puntu zuriekin markatuta daude zurien lurraldea, eta puntu beltzekin beltzen lurraldea. Kolorerik ez duten bi elkarguneak publikoak dira, ez dira inongo jokalarirenak (dame esaten zaie). Lurraldeka, beltzak 19 puntu dira, eta zuriak, 15.
Puntuazio osoa izango da eskuratutako aurkariaren harriak gehi norberaren elkarguneak. Beltzentzat: 10 + 19 = 29; zurientzat: 8 + 15 = 23. Beraz, beltzek 6 puntuko aldea dute. Bada puntuazio arau berezi bat, komi izenekoa, puntuak ematen dizkiena zuriei, beltzak jokatzen hasteak dakarren desabantaila konpentsatzeko.
Jokoari buruzko liburu espezializatuez gain, zenbait fikzio lan idatzi izan dira go jokoaz eta bere estrategiaz, hala nola, Yasunari Kawabata Nobel saridunaren Meijin («Go maisua», 1951) eta Shan Sa idazle txino-frantsesaren La Joueuse de Go («Go jokalaria», Ikasleen Goncourt saria 2001ean). Badira beste liburu batzuk ere go jokoaz aritu direnak gai nagusi gisa edo tramaren osagai gisa. Horien adibide da, Rodney William Whitaker «Trevanian» estatubatuar idazlearen Shibumi eleberria (1979), jokoaren inguruan garatzen dena eta go jokoari buruzko metaforak erabiltzen dituena.
Frantzian, Oulipo talde literarioko Nicolas Bourbaki taldearen sustatzaileetako bat, Claude Chevalley matematikaria, go jokalari porrokatua zen. Jacques Roubaud haren ikasleak ∈ (epsilon hizkia, 1967) izenburuko poema liburu bat argitaratu zuen, zeina hurrenkera desberdinetan irakur zitekeen, horien arteko bat definitzen zena Masami Shinohara 8-dan eta Mitsuo Takei 2-kyu jokalariek 7 harriko handicap batez jokatutako partidaren posizioak gogoan hartuta.[33]
Go jokoa zineman erabili izan da, filmen argumentuaren elementu gisa, Ron Howarden A Beautiful Mind edo Joseph KosinskirenTron: Legacy filmetan, besteak beste. Baita ere, Wú Qìngyuán filmean ere gai nagusia da, Go Seigen go jokalari profesionalaren biografia bat baita.[34]
King Hu txinatar zuzendariaren Zhong lie tu (1974, «Ausartak») filmean, pertsonaiek kolore kode bat dute go piezak balira bezala (beltza edo itzal beltzak txinatarrek, zuria japoniar inbaditzaileek), pertsonaiek go taula eta harriak erabiltzen dituzte soldaduen jarraipena egiteko borrokaren aurretik, eta batailak go partida bat balitz bezala egituratuta daude.[35]
Criminal Minds telesailaren «Extreme Aggressor» atal pilotuan, go jokoa gailu gisa erabiltzen da kriminalen profilean.[36]
Andromeda telesailean, zenbait flashback egiten dira pertsonaia bati buruzko kontuak azaltzeko, go jokoarekin zerikusia dutenak.[37]
Japoniako mangan eta animeko marrazki telesailetan ere maiz agertu izan da go jokoa, bereziki Hikaru no Go (1998) anime sailean, go jokoaren popularizazioan eragin handia izan zuena, bai Japonian eta bai kanpoan, hizkuntza askotara itzuli baitzen.[38]
Google etxearen DeepMind adimen artifiziala lantzen duen konpainiak go jokoan aritzeko AlphaGo softwarea sortu zuen. 2015eko urrian, abantailarik gabe, 19 x 19 lerroko taula batean Fan Hui go jokalari profesionala, Europako onenetakoa, garaitu zuen: bost partidatatik hiru irabaztea lortu zuen.[39] 2016an, Lee Sedol 9-dan munduko jokalaririk onenetako baten aurka partidu bat irabaztea lortu zuen.[40]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.