Errotabarri (Gizaburuaga)
eraikitako euskal ondare nabaria Gizaburuagan From Wikipedia, the free encyclopedia
eraikitako euskal ondare nabaria Gizaburuagan From Wikipedia, the free encyclopedia
Errotabarri Gizaburuagan dagoen errota da, Lea ibaiaren ibilguan, herrigunetik Aulestirantz dauden lehenengo etxeetatik hego-mendebalderantz. Errota honi Asenzibia edo Aranzibia ere esaten zitzaion. Errotabarriz gainera, aipatu ibaiak baditu beste zenbait presa, garai bateko burdinola-errota ugarik ustiatzen zituztenak. Eraikin hidrauliko hauen funtzioa zen ibaiaren ur-maila igoaraztea, errotak eta burdinolak mugiarazteko ura desbideratzeko.
Errotabarri (Gizaburuaga) | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Lea ibaiko industria paisaia | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Gizaburuaga |
Koordenatuak | 43°19′50″N 2°32′24″W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XVIII. mendea |
Ondarea | |
EJren ondarea | 10-1 |
Errotaren presa, 2013ko ekainaren 11n, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.
Errotabarrin, ezkerraldean sortzen den eta 300 metrotik gora dituen ubide batek, ibaiarekiko paraleloak, ura antepararaino garraiatzen zuen. Ubidea, gaur egun, lohiz ia betea dago, landaretzak janda, eta apenas ikusten den hasieraren zatia. Errotaren eraikina, aldiz, egoitzarako egokitua dago.
Presak angelu txiki du ibaiaren ibilguarekiko, eta tamaina ezberdineko hiru arku eskartzanoz osatuta dago. Alboko bi hormabular sendo prismatikotan bermatzen da, eta, erdiko hormabularrik ezean, ibaiko harkaitzetan ahokaturiko harlandu puntadunetan, zeinetan presako arkuak egituratzen baitira. Lehen begi-kolpean, nola ezkerreko eta erdiko arkuak zabalera laburrekoak diren eta harkaitz gaineko harlandu giltzarriak erpina higatu samartuta duen, ematen du bi arkuko presa bat dela. Alabaina, arreta zorroztuz gero, egituraren hiru arkuak ikus daitezke.
Presak ikusgai duen zatia (alboko hormabularrak eta aurreko paramentua) kalitate oneko eta tamaina ezberdinetako kareharrizko harlanduz moldatua dago, eta azalera bertikal lau eta tankera dotorea erakusten du. Atzealdea harlangaitzezkoa da, eta zehar-sekzio bertikala trapezoidala du, zabalagoa oinarrian -ez dakigu sekzioaren zabalera zenbat den-, morteroz betea.
Pantaila baxua da -1,50 m inguru, ikusgai dagoen zatian-; gainaldeko kotako zabalera 1 m inguru da; beraren luzera, guztira, 16 m inguru. Arkuen zabalera eta gezi neurriak honako hauek dira, hurrenez hurren: eskuin ertzean bermatzen den arkua 7,80 m eta 1,05 m; erdiko arkua 3,90 m eta 0,50 m, eta ezker arkua 5 m eta 0,60 m.
Ezkerreko hormabularraren bitartez kanalaren abiaburua irekitzen da, lurrean zulatua, 1,5 m inguruko zabalerarekin eta eskuin ertzean harlangaitzezko indargarria duela.
Errotabarriko presaren tipologia arkuz eta kontrahormaz eraturikoen taldekoa da, alegia, uraren presio horizontala arrokan zimendatutako kontrahormetara bideratzen da arku eskartzanoen bitartez. Presa mota hauen diseinua, garapena eta hedapena Pedro Bernardo Villarreal izeneko XVII. mende bukaerako eta XVIII. hasierako pertsona ospetsuari zor zaio (1669-1740). Gizon hau Euskal Herriko «novatore» nagusietako bat izan zen; esperientzia eta aurrerabide ugari egin zituen presa hidrauliko, burdinola eta erroten alorrean, eta Maquinas hydraulicas de molinos, y herrerias, y govierno de los arboles, y montes de Vizcaya izeneko liburua idatzi zuen (1736). Liburuan, ohiko grabitate-presak irizpide zientifikoez deskribatzeaz gainera, eta horiek eraikitzeko aholkuak emateaz gainera, presa-mota berriaren diseinua aurkeztu zuen.
Sistema honek, erromatarren garaian erabilitako aurrekoen aldean -hau da, kontrahormadun paramentu laukokoak eta arku bakarrekoak- hainbat abantaila ditu: kontrahormen eta arkuen arteko konbinazioa erabiltzen du, estriboen edo kontrahormen arteko banaketa handiagoa izateko aukera du, presaren gorputza arinagoa, kostea ere txikiagoa, eta erraz eta segurtasunez proiektatzeko moduko presak egitea ahalbidetzen du, eta halaxe asko zabaldu ziren. Hori dena Berrizko Villarrealek egindako diseinu-irizpideei esker (zimenduari buruzko gomendio enpirikoak, gainaldeko lauzak burdinazko grapen bidez lotzea, arkuen sokak presaren garaierarekin dituen neurrien erlazioa, hormabularren neurria, dobelen tamaina..., junturen betuneztatzea, lehenengo urtegietako presak babesteko zurezko estalkiak...). Eredu berriek, berrikuntza teknikoa ez ezik, estetika aldetik tankera nabarmena ere ekarri zuten, alegia: proportzio zainduak, harlanduzko paramentuak (horrek egituraren iragazgaiztasun hobea bermatzen du) eta, oro har, eraikuntza-kalitate hobea.
Presa mota hau, beraz, prototipo bat, mugarri teknologiko bat da eraikuntza hidraulikoaren historian; eta haren egilea, halaber, esperimentu praktikoetan oinarrituriko irizpide zientifiko eta berritzaileen bitartez presa eraikitzeko harreman enpirikoak eta diseinu-irizpideak eskaini zituen lehenengo ingeniari hidraulikoa.
Errotabarriko presaren kasuan, azpimarratzekoa da haren bereizgarritasuna, hots, ur-mailatik goiti dauden bi harkaitzen gaineko harkantoiak, zeinetan arkuak bermatzen diren, ohiko kontrahorma prismatikoen ordez. Sistema eta presa mota hau bat dator aipaturiko egilearen liburuan deskribatutako eredu batekin, hain zuzen ere berak gehien balioztatzen duen ereduetako batekin. Nabarmentzekoa da, baita ere, eraikuntzaren gauzatze bikaina eta haren proportzio orekatuak, presa arintasunez eta adierazkortasunez hornitzen dutenak.
Beste alde batetik, presak ibaiaren ikuspegia integratu, taxutu eta aberastu egiten du, halako moduz non ur-bildua, arroka gaineko jauzia eta, oro har, egituraren eta ibaiaren paisaia naturala, bihurtzen baitira osagai naturalak eta artifizialak era bikainean uztartzen dituen espazio bikain bat. Alde horretatik, gainera, presa ez da elementu isolatu bat, ezpada ere Lea ibaiaren ibilgua eta ertzak betetzen dituzten instalazio eta eraikin hidraulikoetako bat, ibaiaren paisaia historiakoaren atal bat.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.