![cover image](https://wikiwandv2-19431.kxcdn.com/_next/image?url=https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/f/f1/Use_Sunscreen_Spray%253F_Avoid_Open_Flame_%25289196637400%2529.jpg/640px-Use_Sunscreen_Spray%253F_Avoid_Open_Flame_%25289196637400%2529.jpg&w=640&q=50)
Eguzkitako krema
From Wikipedia, the free encyclopedia
Eguzkitako krema aerosol, gel edo apar eran egon daitekeen lozioa da, eguzkiak igorritako erradiazio ultramorea xurgatzeko edo islatzeko balio duena. Eguzkiak eragin ditzakeen erreduretatik babesteko eta horrelakorik ez gertatzeko erabiltzen da. Eguzki-kremaren erabilera egokia egiten bada, azalean gertatzen diren zenbait joera atzeratu edo denboraldi baterako saihestu daitezke, hala nola, zimurren eta orbanen agerpena eta larruazalaren sendotasuna murriztea. Erabiltzen den moduaren arabera, eguzkitako kremak fisikoak edo krema kimikoak izan daitezke. Krema fisikoek eguzki-argia islatzen dute haien osaeran dituzten zink eta titanio oxidoen eraginez. Kimikoek, aldiz, izpi ultramoreak xurgatzeko funtzioa dute, eta, horretarako, iragazki organikoak dituzte haien konposizioan. Erakunde medikoek eguzki-krema erabiltzea aholkatzen dute. Izan ere, larruazalean zelula kartzinogenikoen[1] sorrera saihestu daiteke eguzkitako kremen bidez eta, kasu batzuetan, melanoma[2] pairatzeko arriskua ere murriztu daiteke. Nolanahi ere, kremek ez dute erradiazio ultramorea deusestatzen, erradiazio horren aurreko babesa eman baizik, eta egiaztatuta geratu da garrantzitsuak direla larruazaleko minbizia [3] ekiditeko.
![Thumb image](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/f/f1/Use_Sunscreen_Spray%3F_Avoid_Open_Flame_%289196637400%29.jpg/640px-Use_Sunscreen_Spray%3F_Avoid_Open_Flame_%289196637400%29.jpg)
Larruazaleko minbizia eta izpi ultramoreek eragin ditzaketen beste gaixotasun batzuk, adibidez, fitofotodermatitisa [4], eraginkortasun handiagoaz saihesteko, espektro zabaleko eguzkitako kremak (UVA/UVB) erabiltzea aholkatzen da.
Eguzkitako kremak eguzkiaren babes-faktorearen (SPF) arabera sailkatzen dira. Babes-faktoreak larruazalera heltzen diren eta erredurak eragin ditzaketen izpi ultramoreak neurtzen ditu. Adibidez, 15eko babes-faktorea duen eguzkitako krema erabiliz gero, erradiazioaren 1/15 soilik heltzen da larruazalera, beti ere erabiltzen den krema-geruzaren lodiera egokia denean.
Eguzkitako kremak, oro har, hiru urtez erabiltzeko diseinatu dira. Behin denbora hori igarota, zalantzagarria da haien eraginkortasuna; hori dela eta, batzuek iraupen data dute.[5]