Eboluzio konbergente
Prozesu ebolutibo mota. Haren bidez, antzeko inguruneetan bizi diren organismoek antzeko ezaugarriak (morfologikoak, metabolikoak nahiz etologikoak) garatzen dituzte. / From Wikipedia, the free encyclopedia
Eboluzio konbergente denbora-aro desberdinetako izaki bizidunen antzeko ezaugarrien eboluzio independenteari deritzo. Eboluzio konbergenteak antzeko forma edo funtzioa duten egitura analogoak sortzen ditu, bi izakien arteko azken arbaso komunean ez zeudenak. Fenomeno honen izen kladistikoa homoplasia da. Hegaldiaren eboluzio errepikakorra da adibide ohikoa, izan ere, intsektu hegalariek, hegaztiek, pterosaurioek eta saguzarrek modu independentean garatu dute hegan egiteko gaitasuna. Eboluzio konbergentearen bidez lortu diren eta funtzionalki antzekoak diren ezaugarriak analogoak direla esaten da. Aitzitik, jatorri bera baina funtzio desberdina dutenei homologo deritze. Hegaztien, saguzarren eta pterosaurioen hegoak egitura analogoak dira, baina beraien besoen egitura homologoa da, arbaso komun baten egitura mantentzen baitute, funtzio desberdina bete arren.
Eboluzio konbergentearen kontrakoa eboluzio dibergentea da, non erlazionatutako espezieek ezaugarri desberdinak garatzen dituzten. Eboluzio konbergentea eboluzio paraleloaren antzekoa da, zeinetan bi espezie independenteek noranzko berean eboluzionatzen duten, eta horrela antzeko ezaugarriak lortzen dituzten; adibidez, igel planeatzaileek paraleloki eboluzionatu dute zuhaitz-igelekin.