From Wikipedia, the free encyclopedia
Darwinismoa, Charles Darwinek (1809-1882), Galapagos uharteetara eta Hego Ameriketara bidaiatu ondoren eboluzioari buruz sortutako teoria da, orain arte aldaketa txiki batzuekin oraindik zutik dirauena. Bidaian egindako behaketak oinarritzat harturik eboluzoioaren teoria berria sotu zuen Darwinek. Darwinen arabera, bizirik irauteko borroka sortzen da espezieen artean, baliabideak izaki bizidunak baino urriagoak direnean. Hautespen naturala da borroka horren ondorioa. Hala espezierik gogorrenek egiten dute aurrera, hau da, ingurunean moldatzeko gaitasun handienak dituztenak. Aldiz, moldatu ezin daitezkeenak suntsitzen dira, eta gai direnen ezaugarriak, berriz, ondorengoetara igarotzen dira.
1859an izaki bizien eboluzioari buruz argitara eman zuen teoriarekin, Darwinek erabat irauli zituen bizidunen jatorriari buruzko orduko ideiak, eta Kopernikok, Galileok eta Newtonek lehenagotik egina zuten jakintza-iraultza handia osatu zuen. Munduan barrena Beagle ontzian bost urtez egin zuen bidaldia erabakigarria izan zen eboluzioari buruzko bere tesiak oinarritzeko frogak aurkitu eta biltzean. Tesi horiei eta Malthusek biztanleriaren hazkunde gehiegizkoaz zituen ideien laguntza erabakigarriari esker, teoria oso bat egin ahal izan zuen animalia- eta landare-moten sorrerak bi kausa zituela esplikatzeko: izaki bizien arteko aldaerak edo desberdintasunak, eta inguruak egiten duen hautespen naturala; hala, hobekien egokitu direnek errazago irauten dute bizirik.
Darwinek hautespen naturalaren aldeko froga asko erakutsi zituen, paleontologikoak, anatomikoak eta biogeografikoak batez ere. Gerora, eboluzioa frogatzen duten gero eta aurkikuntza gehiago egin dira; haien artean Darwin hil ondoren sortu ziren jakintzen ekarriak, genetikarenak eta biokimikarenak batez ere, dira aipagarrienak.
Darwin (1809-1882) jakintza unibertsaleko jakintsu handienetako bat da, Galileoren eta Newtonen mailakoa askorentzat.
1831n Beagle itsasontziak bost urtez mundu osoan barrena egin zuen espedizioan naturalista gisa parte hartu zuen. Bidaldi horretan Hego Amerika, Ozeano Bareko uharteak eta Australia ezagutu zituen, eta hango izaki bizien eta fosilen dibertsitate handiaz ohartzeko aukera izan zuen. Argentinan ugaztun handien hezur fosilak aurkitu izanak eta, batez ere, Galapagos uharteetan txonta-espezie ugari ikusi izanak izan omen ziren Darwinen bidaldiko zirrara handiena eragin zioten gertaerak. Itzuli zenean, bidaldian egindako aurkikuntzak aztertzean sortu zitzaizkion galdera ugarientzat azalpen bat bilatzen saiatu zen. Hona Galapagos uharteetako txontei buruzko gogoeta bat: “Uharteetan eta hurbileko lehorrean bizi diren animalia- eta landare-espezien arteko kidetasunak harritu gaitu gehien, ez baitira, izatez, espezie berekoak. Galapagoetan gertatzen da hori, han ia izaki bizi guztiek Ameriketako kontinenteko ezaugarriak baitituzte.
Zergatik izan behar du horrek horrela? Zer dela eta izan behar dute hain antzekoak Galapagoetan, eta ez beste inon, ustez sortuak izan diren animalia- eta landare-espezieak eta Ameriketan sorturikoak?” Darwin etsita zegoen animalia- eta landare-espezieak ez zirela aldaezinak, nahiz luzaroan ez zuen azaltzen jakin animalia eta landare-espezieen aldaketak nola sortu ziren. Abereak hazten dituztenek aukeratutako animalia-espezie etxekotuek izaten zituzten aldaketek argibide batzuk eman zizkioten. Nolanahi ere, 1831n Malthus ekonomialariak giza biztanleriaz eginiko obraren irakurketak eman zion bere teoria sortzeko behin betiko giltza. Malthusek zioen biztanleria oro biztanleria horrek eskumenean zuen janaria baino lasterrago hazten zela, eta, beraz, gizabanakoek elkarren lehian ibili behar izaten zutela, bizirik iraungo bazuten, eta, bizirik iraun ere, egokienek baizik ez zutela bizirik iraungo. Ideia horiek berak aztertuak zituen animalia- eta landare-espezieetara aldaturik, eboluzioari buruzko bere teoriaren oinarriak jarri zituen Darwinek.
Ia aldi berean, beste zientzialari batek, Wallace-k (1823-1913), Darwinen ondorio berberak atera zituen; bi zientzialari horiek batera aurkeztu zituzten beren teoriak 1858an, eta Darwinek 1859an argitaratu zituen gizadiaren historiako jakintza-lan handienetako bat den “Landare- eta animalia-espezien jatorria” liburuan. Geroztik garrantzi handiko beste liburu batzuk ere argitaratu zituen; haien artean “Gizakiaren jatorria” izan zen aipagarriena, dudarik gabe haren lanik polemikoena gertatu zena.
Darwinen eboluzioaren teoriak gertaera eta ondorio hauetan oinarriturik argitzen du animalia- eta landare-espezien jatorria: Malthusek esan zuen bezala, izaki bizien multzoek ugaltzeko ahalmen handia dute, inguru jakin batean bizirik iraun dezaketen baino banako gehiago jaiotzen baitira. Ikusi besterik ez dago arrain, intsektu, etab. espezie askok zer arrautza-kopuru handiak erruten dituzten, bai eta landareek zer hazi-kopuru handia izaten duten, belaunaldi gutxi batzuetan lurra asea geratuko litzatekeela ondorioztatzeko. Arestian esandakoa gorabehera, izaki-multzo naturalek kopuru bera izateko joera izan dute denboran zehar. Inguruaren mugak dira (jatekoa, lekua, etab.) kontrolik izango ez lukeen hazkunde hori eragozten dutenak.
Aurreko oharren ondorioz, esan daiteke izakiak elkarren lehian ari direla, nork bizirik iraungo; beraz, organismo bakoitza inguruari nola egokitzen zaion, hala izango du bizirik irauteko era berezia organismo horrek.
Izaki biziek ere dibertsitate handia dute bai espezien artean eta bai espezie bereko espezimenen artean.
Galapagoetako eta beste leku batzuetako txonta- eta dortoka-espeziak ikusi besterik ez dago dibertsitate hori frogatzeko.
Beraz, bizirik irauteko lehian organismo bakoitzak zeinek bere egoera izango du: batzuk hobeto eta besteak okerrago egokituko zaizkio inguruari. Inguruak, beraz, hautespen bat egiten du; era horretara, hobekien egokitzen direnak izango dira bizirik iraungo dutenak eta ondorengo gehiago izango dituztenak.
Hautespen hori argi ikusten da abere-hazkuntzan eta nekazaritzan.
Hala, izaki egokienen ezaugarriak ondorengoetara igaroko dira, ondorengoek heredatu egingo dituzte ezaugarri horiek, eta ongi egokitu ez diren izakienak, berriz, desagertuz joango dira.Beraz, eboluzioaren prozesuak bi alderdi ditu Darwinentzat: izaki bizien dibertsitatea eta hautespen naturala. Ingurune batean bizi diren organismoak elkarrengandik desberdinak dira (dibertsitatea), eta, denek bizirik irauterik ez dutenez, bizi ahal izateko borroka moduko bat gertatzen da, ingurura ongi egokitzen ez diren banakoak desagertu, eta hobekien egokitzen direnak bizirik dirautela (hautespen naturala) borroka horretan. Hobekien egokitzen diren banakoak gehiago ugaltzen dira, eta besteei aldea harturik ematen dizkiete beren ezaugarriak beren ondorengoei. Belaunaldi berri horrek eta hurrengoek prozesu hori bera biziko dute, eta, beraz, etengabe ariko dira eboluzioan. Lamarckek bezala, Darwinek ere kasu jakin batzuetara egokitu zuen bere teoria, besteak beste, jirafaren lepoaren adibide dagoeneko ezagunerako, irudian ikus daitekeen bezala.
Darwinen teoriaren bi alderdi nagusiek, dibertsitatearenak eta hautespen naturalarenak, balio dute gaur egungo ikuspegitik aztertuz gero ere. Dibertsitatearen jatorria eta herentzia esplikatzeko ahaleginean, ordea, Darwinek huts egin zuen. Gogora bedi garai hartan genetika ez zegoela landua. Darwinek berak herentziaren teoria bat egin zuen 1868an, pangenesia, Lamarcken teoriatik hurbileko ideiak zituena: inguruaren eragina eta hartutako ezaugarrien herentzia.
Eboluzioaren gaur egungo teoria sintetikoak akats horiek zuzendu zituen.
Arestian esan dugunez, Darwinek munduan barrena egin zuen bidaldian organismoen eboluzioari buruzko froga asko aurkitu zituen, biogeografikoak (txontak Galapagoetan nola banatzen ziren) eta paleontologikoak (ugaztun fosilak Argentinan) batez ere. Geroztik egin zituen azterketetan egiaztatu zuenez, anatomia konparatiboak eta enbriologiak ere animalia- eta landare-espezie askoren jatorri komuna frogatzen zuten.
Geroztik, biologiaren beste adar askok, genetikak eta biokimikak adibidez, froga gehiago eman dituzte eboluzioaren teoriaren alde.
Lehenengo froga historikoak paleontologiak eman zituen, fosilen jakintzak. Fosilak eta gaur egungo animalia- eta landare-espezieak konparatuz gero, garbi ikusten da alde handia dagoela batzuen eta besteen artean, baina orobat ikusten da antzekoak direla oinarrizko alderdi batzuetan, ahaidetasunaren ustearen lagungarri, batzuk besteen ondorengo direlako ustearen lagungarri, alegia.
Beraz, froga horien arabera, bizitza-motak ez dira aldagaitzak; aitzitik, aldatuz joan dira denboran zehar, eta badute elkarren artean halako jarraitutasun bat. Organismo talde batzuen fosilak nahikoa ondo ezagutzen dira, eta, hala, haien iraganaren, haien filogeniaren berri jakin ahal izan da; zaldien aitzindariak, adibidez, ezagunak dira Eozenoaz geroztik.
Biogeografiak edo animalia- eta landare-espezieak, fosilak nahiz gaur egungoak, geografiaren arabera banatzen dituen jakintzaren alorrak eboluzioaren teoriatik kanpo ezin argi daitezkeen kasuak esplikatzen ditu.
Dipnooak, adibidez, ur azaleko arrain birikadun bitxiak dira, gaur egun Hego Ameriketan, Afrikan eta Australian bizi direnak. Primarioan hiru kontinente horiek elkartuta zeuden, Gondwana kontinenteko zati bat zirela. Han sortu ziren arrain horien aitzindariak, eta kontinente hartan barrena sakabanatu ziren. Plaken higiduraren ondorioz, banandu egin ziren, eta arrain-multzo bakoitzaren eboluzioa desberdina izan zen; gaur egungo dipnoo arrain-espezieak hasierako kontinente hartan sortuak bide dira. Beste adibide aipagarri batzuk dira Darwinek aztertu eta arestian aipatutako txontak eta Hawaiiko drosofilak dira.
Animalia- eta landare-espezieen anatomia konparatiboko azterketek ere balio handiko frogak ematen dituzte eboluzioaren teoriaren alde. Organo jakin batzuk konparatzen direnean, adibidez ornodun batzuen gorputz-adarrak (izurdea, balea eta lehorreko animalia batzuenak), oso antzekoak direla ikusten da; beraz, aise jakin daiteke batzuen zein besteen hezurrek elkarrekin duten egokitasuna.
Beste asko bezala, organo homologoen kasu bat da hori, alegia, kanpoaldea antzekoa izan ala ez, egituraz antolamendu berekoak diren organoena.
Gorputz-atal horiek zergatik dute anatomia-antolamendu komuna? Kidekoak direlako, aldez aurretik eredu bera izan baitzuten.
Adibidez, antzinako ugaztunek berezko zuten bost hatzeko gorputz-atalaren eboluzioa oso desberdina izan zen animalia-espezie batetik bestera (balearen hegala, hegaztiaren hegoa, zakurraren hanka, etab.), era askotako inguruetara egokitu behar izan zutenez (ura, airea, lurra). Homologiek, beraz, oso desberdinak diruditen organismoak kidetzeko balio dute (zakurra eta balea), eta baita animalia- eta landare-espezien filogeniaren berri izateko ere. Azkenaldian biokimikak zehaztasun handiko frogak eman ditu, DNA, RNA, proteinak eta era horretako molekula jakin batzuen osaketaren azterketak oinarritzat harturik. Azterketa horietan proteina batzuk baliatu izan dira bereziki: c zitokromoa, mioglobina, hemoglobina, etab. Proteina baten osaketak bi landare- edo animalia-espezietan zenbat eta antz handiagoa izan, hainbat eta kidetuago egongo dira bi landare- edo animalia-espezie horiek; beraz, hainbat eta hurbilagoa izango da haien aitzindari komuna. Hala, c zitokromoaren kasuan ikusi da gizakiarenak eta Rhesus tximuarenak aminoazido baten aldea dutela, gizakiarenak eta zaldiarenak 11koa, gizakiarenak eta oiloarenak 13koa, gizakiarenak eta atunarenak 21ekoa.
Eboluzioaren teoriak oihartzun handia izan du gizartean, jakintzako beste edozein ideiak baino handiagoa, eta gaur egun arte iraun duten istiluak sortu ditu. Animalia- eta landare-espezien jatorria eta, batez ere, Gizakiaren jatorria argitaratu bezain laster, gogor eraso eta barre egin zion Darwini garai hartako gizarte-talde askok, Bibliak Jainkoari izaki bizien sortzaile bakar gisa ematen dion zereginari egindako erasoa iritzi baitzieten haren ideiei.
Darwinismo soziala esaten zaionak ere beste eztabaida bat sorrarazi zuen Darwinen teoriak zirela eta. Spencerrek eta beste zenbait filosofok, Darwinen teorien aldezle sutsuak, itxuragabetu egin zituzten teoria haiek, eta, jakintzaren testuingurutik aterarik, ekonomiari eta gizarteari aplikatu. Hala, XIX. mendearen bukaeran, darwinismoa garai hartako liberalismo ekonomikoak sorrarazi zituen gizarte-bidegabekeriak zuritzeko erabili izan zen. “Indartsuenak bizirik dirauelako” eta “ahula suntsitzen delako” ideiaren izenean, gizabanakoen arteko borroka fisiko gisa interpretatu baitziren, gizarteko baztertuenen (meategietan lan egiten zuten haurrak barne) zapalkuntza gogorra, esklabotasuna eta arrazakeria zuritu ziren. Darwinismo soziala okerbidez darwinismo zientifikoaren berdindu nahi izan zenez, kalte handia egin zion hari, eta luzaroan gaitzetsia izan zen gizartean, “ideologia” irizten baitzion askok darwinismoari oinarri sendoak zituen jakintza teoria bat bainoago.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.