From Wikipedia, the free encyclopedia
Cesare Borgia (italieraz ˈtʃeːzare ˈbɔrdʒa ahoskatua; katalanez: Cèsar Borja, ˈsɛzər ˈβɔrʒə ahoskatua; gaztelaniaz: César Borja, ˈθesar ˈβorxa ahoskatua; Erroma, 1475 irailaren 13 – Viana, Nafarroa, 1507ko martxoaren 12) duke, printze, konde, condottiero, gonfaloniere, Iruñeko apezpikua, Valentziako artzapezpikua, Vaticanoko armadaren kapitaina eta kardinala izan zen.
Karlota Albretekoa nafarrarekin ezkondu zen, eta Nafarroako Erresumako kapitain izendatuta, Gaztelaren inbasioan armak hartuta, erresumaren independentziaren aldeko borrokan hil zen.
Aita Rodrigo Borgia aita santua eta ama Vannozza Cattanei erromatarra, Giovanni eta Godofredo anaiak eta Lukrezia arreba zituen. Perugian ikasi zituen teologia eta zuzenbidea eta 17 urte zituela, Cesare Iruñeko apezpiku (1491) bihurtu zen. 20 urte bete baino lehen Valentziako artzapezpikua eta kardinala zen.
1497an Giovanni Borgia hil zenean Vaticanoko armadaren buruzagi bihurtu zen eta 1498an eliza utzi zuen. Luis XII.ak Valentinoiseko konde izendatu eta Joanes III.a Nafarroakoaren arreba zen Karlota Albretekoarekin ezkondu zuen. Romagna eskualdea konkistatu zuen aitarentzat, eta duke bihurtu zen 1501ean.
1503an aita pozoiturik hil eta Pio III.ak aita santu berriak Cesare atxilotu zuen. Julio II.a aita santuak Gaztelako Erresumari eman zion Cesare. Valladolideko kartzelatik ihesi egin zuen, eta Nafarroara jo zuen babes bila.
Nafarroan Joanes III.a Nafarroakoak kapitain izendatu eta Larraga berreskuratzeko misioa izan zuen, Leringo konde eta beaumontar jauntxoaren eskuetan baitzegoen. Geroago Vianako herri gehiena Nafarroako Erresumarentzat berreskuratu zuen, hura koroaren eta erresumako lege orokorren pean utziz.
Vianan setiopean zeuden azkenengo beaumontarrei eman zioten laguntzaz jabetuta, Borgiak gizon batzuen atzetik bere zaldiaren gainean abiadura bizian jarraitu zien. Leringo kondearen hiru soldaduk (Garcés de Ágreda, Pedro de Allo eta hirugarren gizon ezezagun bat) herritik Mendabiarako bidean 9 kilometrotara dagoen "La Barranca Salada" delako lekuan segada bat antolatu eta erail zuten. Viana udalerriko Andre Mariaren elizaren ate nagusiaren aurrean ehortzirik dago.[1]
Leloa Aut Cæsar aut nihil zuen (euskaraz: 'Cesare edo ezer ez'). Nikolas Makiavelok eredu gisa hartu zuen Printzea idaztean.
Urtea | Filma | Zinema zuzendaria | Aktorea |
---|---|---|---|
2006 | Los Borgia | Antonio Hernández | Sergio Peris |
1961 | Il Duca Nero | Pino Mercanti | Cameron Mitchell |
1948 | Bride of Vengeance | Mitchell Leisen | Macdonald Carey |
1941 | Prince of Foxes | Henry King | Tyrone Power |
1922 | Lucrezia Borgia | Richard Oswald | Conrad Veidt |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.