From Wikipedia, the free encyclopedia
Bauhaus (osorik, Staatliche Bauhaus) arte-, diseinu- eta arkitektura-eskola bat izan zen, Walter Gropiusek sortua Weimarren (Alemania) 1919an.
Bauhaus eta Bere Eremua Weimar eta Dessaun1 UNESCOren gizateriaren ondarea | |
Mota | Kulturala |
Irizpideak | ii, iv, vi |
Erreferentzia | 729 |
Kokalekua | Alemania |
Eskualdea2 | Europa eta Ipar Amerika |
Izen ematea | 1996 (XX. bilkura) |
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua) 2 UNESCOren sailkapena |
Gropius izan zen lehen zuzendaria, geroago, Hannes Meyer eta, azkenik, Mies van der Rohe arkitekto maisuak zuzendu zuen. 1933.ean naziekin tratutan ibili zen Mies eskola itxia izan ez zedin; alabaina, azkenik itxi egin behar izan zuen naziek sortutako presio politiko eta ideologikoengatik.
Garai hartako zenbait artistek eman zuten eskola Bauhausen, hala nola Vasili Kandinski, Paul Klee edo Laszlo Moholy-Nagyk.
1919an, Walter Gropius arkitekto alemaniarrak arte- eta lanbide-institutu bat sortu zuen Weimarren (Alemania), Bauhaus institutua, arte aplikatuen eskola baten eta akademia baten fusioz. Bauhausek XIX. mendean artearen eta manufakturaren artean izan zen haustura gainditzeko ahalegina egin zuen, industria-produkzioaren arazoei aurre eginez, hala alderdi sozialean eskulanaren kalitatea galtzea lan masifikatuan), nola alderdi espresiboan.
Walter Gropiusek 1923an esan zuen Bauhausen sorrera ezinezkoa izango zela aurretiko esperientzia hauek kontuan hartu barik: Ruskin, Morris, Arts & Crafts mugimendua; Henry van de Velde; Peter Behrens eta Deutcher Werkbund besteak beste.
Europa osoko abangoardiako artistak lotu zitzaizkion proiektuari, eta itzal handiko arkitekto, eskultore eta pintoreak aritu ziren Bauhausen irakasle: Johannes Itten, Lyonel Feininger, Adolf Meyer, Oskar Schlemmer, Vasili Kandinski, Laszlo Moholy-Nagy eta Paul Klee, besteak beste, Josef Albers eta Marcel Breuerez gainera, eskolan bertan ikasitakoak biak. Ikastaroak hiru urte eta sei hilabeteko iraupena zuen. Materialen gaitasunei eta lantze-prozesuen ezaugarriei buruzko irakaspenei eta esperimentazioei perzepzio formalari buruzko ikasgaiak (ikuspena, irudikapena, konposizioa) gehitu zitzaizkien, alor askotako esperimentazioak modu organiko batez sintesi batera ekartzeko, arkitektura jotzen zen artea eta artisautzaren helburu amankomuna, arazo estrukturalak eta estetikoak konpondu beharko zituen. 1925ean Weimarreko egoera politikoan aldaketak dirulaguntza publikoa galarazi zion Bauhausari eta Dessaura aldatu behar izan zuen. Walter Gropiusek, bere lantegiko beste irakasle eta ikasleen laguntzarekin, bere egitarauaren estandar analitikoen neurriko eraikin bat egiteko aukera izan zuen horrela. Funtzioen arabera hiru multzo nagusitan banaturik dago eraikina: lantegiak, ikasleen etxebizitzak eta ikasgelak, eta, agintariek hala eskatuta, Dessauko institutu teknikoko ikasgelak.
Hiru eraikinok, desberdinak fatxadan, bolumenean eta garaieran, igarobide baten bidez komunikatu zituen bulegoen aldearekin, eta lotura hegal apal baten bidez, areto nagusiarekin, antzokiarekin eta tabernarekin, multzo angeluzuzen orekatu bat osatuz. Eraikin-multzoaren parterik ikusgarriena lantegien eraikina da, non hormigoizko egitura kristalezko fatxada mehe batez estalia baitago hiru aldetan, eta altzairu beltzezko zerrenda meheen segida batez ildaskatua, halako eran non gorputz prismatikoak arinagoa eta gardenagoa ematen baitu. Eraikin hori erreferentzia da Europako arrazionalismoaren historian.
Bauhausen garaian muturreraino eraman zen hirigintzaren eta gizarte-arazoen ikerketa, are egoera politiko gero eta itogarriagoaren erantzun gisa ere. 1928an, Gropiusek Hannes Meyeren eskuetan utzi zuen eskolaren zuzendaritza, eta 1932an agintariek institutua itxi eta irakasle guztiak kaleratu zituzten.
Geroxeago, Berlinen zabaltzeko ahalegina egin zuten, baina 1933an naziek behin betiko desegiteko agindua eman zuten. Irakasle batzuk Estatu Batuetara joan ziren.
1937an Moholy-Nagy New Bauhaus baten zuzendari izan zen Chicagon (1937-1938), alemaniar eskolaren programa eta metodologia berberarekin.
Bauhaus sortu zenean, haren estatutuek emakumeak onartzen zituzten, eta berritzailea zen, izan ere, momentu hortara arte eskulan- eskoletan soilik onartuak izaten baitziren. Hala eta guztiz ere, arkitektura bezalako zenbait tailerretan izena ematea debekatuta zeukaten. Walter Gropius-ek gutun hau idatzi zuen:
"Gure esperientziak kontuan hartuta, ez da komenigarria emakumeek artisau-lantegi gogorrenetan lan egitea, adibidez, aroztegia, etab. Horregatik, Bauhaus-en tailer femeninoak sortu ditugu, esate baterako, ehuna lantzen dutenak. Baita koadernaketa, zeramika eta buztingintza, emakume arkitektoen aurka altxatzen gara, batik bat".
Emakume horien artean Annie Albers, Gertrud Arndt, Gunta Stölzl, Lucia Moholy, Alma Siedhoff-Buscher, Friedl Dicker, Marianne Brandt, Otti Berger eta Grete Stern zeuden.
Bauhaus eskolak arkitekturan, industrian eta diseinu grafikoan ukaezina den aztarna utzi du, bere bizitza laburra (1919-1933) eta bere egoitza aldaketa etengabea izan arren: Weimar (1919-1932), Dessau (1925- 1932) eta Berlinen (1932-1933).
Bauhausen parte hartzeko aurretiazko sei hilabeteko ikastaro bat gainditu behar zuten, Vorkurs izenekoa, non ikasleen sortzeko ahalmenak aztertzen ziren koloreei eta formei dagokionez. Ahalmen horiek erakusteko ikasleek erabateko sormen askatasuna zuten. Kurtsoaren jatorrizko oinarriak hurrengoak ziren: forma geometriko sinpleak eta oinarrizko koloreen erabilpena, objektuen funtzionalitatea, industria materialen medioz objektu ohikoak egitea eta merkeak izatea, publiko guztien eskura. Tailer bakoitzak formaren inguruko maisua (artista, irakaskuntzaz arduratzen zena) eta tailer irakasle bat (artisaua, zati teknikoaren arduraduna) zeuzkan. Epe laburretan tailerretan praktikatzen zuten, teknika kontrolatzeko nahiko denbora, diseinuan jarriko baitzen gehienengo arreta.
Eskolan kode pedagogiko eta bisual garrantzitsu bat garatu zen, eta horrek, artisautza eta teknologia konbinatzen zituen zentroa burutu zuen Gropius-ek, baina denborarekin, formaren, funtzioaren eta industrializazioaren inguruan hausnartzeko espazioa ere bihurtu zen Bauhaus eskola. Vorkurs ikastaroa Johannes Ittenek jarri zuen martxan eta Gertrud Grunow-en laguntza izan zuen. Emakume honek eragin handia izan zuen Bauhausen baina, berriz ere, oso ikuskapen gutxikoa izan zen.
Vorkurs gainditu ondoren eskolan hiru urtetan zehar ikasteko onartuta zeuden ikasleak. Horretaz gain, irakasleek ikasleei, haien gaitasunetan oinarrituta, zein motatako tailerrak aukeratu behar zituzten “iradokitzen” zieten. Halabeharrez, emakumeak beti bideratutako ziren ehungintza tailerretara. Haren arrazoia, dirudienez, hiru dimentsioko ikusmena ez zelako haien trebezia zen, eta bi dimentsioko gainazaletan lan egitea gomendatzen zieten.
Garrantzitsuena da, Bauhausen hiru urte igaro ondoren, ehungintza diseinatzaile profesional gisa hartzen zirela. Horregatik zen emakumeei industrian lan egiteko gaitasuna ematen zion lehenetariko eskola. Ehungintza tailerra emakumeak soilik parte hartzen zuten sormen espazioa zen eta, hasiera batean bere etorkizunean lanbidea aukeratzerakoan dudarik gabeko desabantaila izan bazen ere, haiek probetxua ateratzen jakin izan zuten, tailer hau osatzen zuten nesken lanek emaitza zoragarriak emango baitzioten eskolari. Izan ere, haien produktuak ikuslearengan arrakasta gehiena izan zuten.
Neskak, gainera, "mutilen" tailerretara entzule bezala joaten ziren. Tailerraren zuzendari Gunta Stolz izendatu zutenean lortu zen arrakasta handiena. Tailerrak eremu plastiko bat izan zuen (Anni Albers) eta beste bat industriarekin lotuta (Gunta Stölz) .
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.