Pertsona osasuntsu baten odola esterila da, hots, ez du inongo mikrobiorik. Bakterio edo beste mikrobioen presentziak odol-infekzioa adierazten du.
Bakterio batek organismoa infektatzen duenean toki jakin batean kokatzen da. Patogenoa bada, bakterio horrek kalte egingo du hazten den tokian bakarrik (esaterako, Salmonella bakterioa heste lodian hazten da, eta salmonelosi izeneko gaitza heste-patologia da). Kasu urri batzuetan, aldiz, bakterio patogenoa organo batetik odolera pasatzen da, gorputz osoko infekzioa sortuz (infekzio sistemikoa).
Bakteriemia dagoenean ezinbestekoa da eragile patogenoaren identifikazioa, tratamendu egokia jartzeko. Hori hemokultibo izeneko teknikaren bidez egiten da (odol-kultura).
Patologia larria izanik, bakteriemiak tratamendu azkarra eta eraginkorra behar du. Eragile patogenoa identifikatu ostean, zain-barneko bidetik bakterio horren aurkako antibiotikoak sartzen dira.