Argi kutsadura
From Wikipedia, the free encyclopedia
Argi kutsadura iturri artifizialeko argi emisio ezegokiari ematen zaion izena da. Gaizki diseinatutako eta eraginkortasun gabeko kanpo argiztapenak, kanoi laser eta proiektoreen erabilpenak, eta argien itzaltzeko ordutegiaren erregulazio txarrak eragiten dute, orokorrean, argi kutsaduraren arazoa.
Argi kutsaduraren ebidentzia argiena zeruak jasaten duen gaueko distiraren handipena da, argi artifizialak gas eta aire partikuletan sortutako islapen eta barreiapenaren ondorioz. Islapen eta barreiapen horrek zeruak egoera naturalean duen kalitatea aldatu egiten du, izarren eta beste zeruko objektu batzuen distira ezin ikustea eragin dezake.
Dudarik gabe, kale-argiak beharrezkoa diren lorpena da, argiztapen honek gaueko hainbat jarduera egiteko ahalmena ematen baitigu, baina ezinbestekoa da argiztapen hau era egokian erabiltzea. Adibidez, atmosferara argia zuzenki igortzea galarazi behar da, eta argia kalea ikusteko nahitaezkoa den tokietan bakarrik jarri. Horrez gain, alboetara, gora edo ikusteko beharrezkoa ez dugun tokietara bidaltzen den argiak, argia eta dirua alferrik galtzea bakarrik ekartzen du.
Arazo larri horretaz, orain arte, gizartea ez da asko konturatu, arazo horrek ondorio larriak izan ditzakeen arren (energia eta diru gastuaren igoera, argi intrusioa, hegazkin eta kotxeek gidatzeko arazoak izatea, arazoak gaueko ingurumenetan, zeruaren hondaketa…).
Kalte guzti horiek ez dira gertatzen kutsadura sortzen den tokian bakarrik (hiriak, poligono industrialak, errepideak…), baizik eta argia atmosfera guztian zehar hedatzen da, eta efektuak bere sorkuntza lekutik ehunka kilometrora ere hedatzen dira.