Ameriketako Estatu Batuetako ekonomia
From Wikipedia, the free encyclopedia
2018an Ameriketako Estatu Batuetako ekonomia munduko 1. handiena izan zen.
Estatu Batuetako ekonomia munduko indartsuena, ugariena eta teknologiaz aurreratuena da. Barne produktu gordina biztanleko 31.500 dolarrekoa da, handiena nazio industrializatu nagusietan. Munduko biztanle guztien % 5 eskas dituelarik, Estatu Batuek ekoizten dute, urtero, planetako aberastasunen % 30 baino gehiago. Baliabide aberatsak eta azpiegitura bikainak daude oparotasun horren oinarrian. 1975. urteaz gero, irabazi gehien-gehienak familia aberatsenen % 20ra joan dira. 1994-1998 urteetan gora egin zuen ekoizpen errealak, inflazio tasa oso txikia izan zen, eta langabezia tasa % 5etik beherakoa. Merkatuko ekonomia da Estatu Batuetakoa, eta pertsona eta enpresa pribatuek hartzen dituzte erabaki nagusiak; gobernuak merkatu pribatuetan erosten ditu gehienbat hornigaiak eta zerbitzuak. Estatu Batuetako enpresek Mendebaldeko Europako eta Japoniako kideek baino askoz malgutasun handiagoa dute kapitalak zabaltzeko, langileak kaleratzeko, eta produktu berriak sortzeko. Aldi berean, muga handiak dituzte beren lehiakideen merkatuetan sartzeko, atzerritar konpainiek Estatu Batuetan sartzeko dituztenak baino askoz handiagoak. Estatu Batuetako enpresak munduko lehenak dira, edo ia lehenak, teknologia aurreratuenetan, bereziki ordenagailuetan, eta sendagintza, aireontzi, eta hornigai militarretan, nahiz eta azken horiek zerbait murriztu diren Bigarren Mundu Gerraz gero. Teknologiaren aurreramenduen lastertasunaren ondorioz, two-tier labor market deritzana sortu da (“bi mailako lan merkatua): maila berehekoenek ez dute goiko mailakoen heziketa eta prestakuntza bera, eta, gero eta gehiago, ez dute eskuratzen ez soldata igoerarik, ez osasun aseguruen babesik, ez bestelakorik. Epe luzerako arazoen artean, aipatu behar dira zaharragotzen ari den biztanleriaren sendagintza kostu gero eta handiagoak, azpiegitura ekonomikoan egin diren inbertsio desegokiak, eta familia sarreren etena gizatalde pobreenetan. 1999ko BPG 1998koa baino zertxobait apalagoa izan da, eta inflazioa eta langabezia bere horretan geratu dira gutxi asko. 1999ko arazoak ekialdeko Asiako eta Errusiako finantza krisi larriak izan dira, eta akzioen garestitasuna enpresen irabazien ondoan. 1960ko hamarraldian Estatu Batuetako biztanleek munduko bizi maila altuena bazuten ere, gaur egungo gizartean gero eta nabarmenagoa da aberatsen eta pobreen arteko aldea.