1970eko Eurovision Kantu Jaialdia
From Wikipedia, the free encyclopedia
1970eko Eurovision Kantu Jaialdia Eurovision Abesti Txapelketaren 15. edizioa izan zen. 1970eko martxoak 21ean ospatu zen Amsterdamen. Willy Dobbe izan zen edizio honen aurkezlea, eta Irlandako ordezkariak irabazi zuen txapelketa All Kinds of Everything kantuarekin.
Aurreko urtean gertatu zen lau herrialderen arteko berdinketaren ondorioz, lau herrialde horien artean zozkatu zen 1970eko edizioaren egoitza zein izango zen. Finlandiak, Norvegiak, Suediak eta Portugalek jaialdia boikoteatzea erabaki zuten botoa emateko moduaren aurkako euren desadostasuna adierazteko.
1969an gertatu zena berriz gertatzea eragozteko araudi berezi bat sortu zen. Honen bidez, bi kanturen arteko berdinketarik balego, hauek berriz kantatuko ziren, eta epaimahaikideek berriz eskua altxata bozkatuko zuten bi kantu horien artean. Hala ere berdinketa mantenduko balitz, biek jarraituko lukete garaileak izaten.
Herbeheretatik hirukote bat aurkeztu zen, Hearts of Soul izenekoa. Garai hartako araudiak, alabaina, soilik bakarlariei eta bikoteei koruak egiten zizkietenekin parte hartzea baimentzen zien, eta, ondorioz, hirukoteko abeslari ofiziala zen Patriziak bakarlari bezala parte hartu behar izan zuen, bere bi kideek koruak egiten zizkiotelarik, taldearen izena zen Hearts of Souls mantenduz. Hau izan zen araudi hau indarrean egon zen azken edizioa.
Aurreko urtean gertatukoaren ondorio izan zen partehartzaile kopuru txikia zela eta, igortze denbora osatzeko, kantu bakoitzaren aurretik bideoklip labur bat eman zen, abeslaria eta ordezkatzen zuen herrialdearen toki batzuk erakusten zituena. Hain gustukoa izan zen hau, ezaugarri hau, aldaketaren batzuekin, egundaino erabili izan dela.