Txikipedia:Namib
From Wikipedia, the free encyclopedia
Namib Hegoaldeko Afrika ekialdeko kostan dagoen basamortua da. Gutxi gorabehera, 2.000 kilometro baino luzeago da, Angolako Namibe hirian hasi eta Hegoafrikako Olifants ibaian amaitzen da. Namibeko zatirik handiena Namibia izeneko herrialdeak okupatzen du. Ekialdetik Ozeano Atlantikoarekin egiten du muga. Namib hegoaldetik Orange ibaia igarotzen da eta Atlantikoan itsasoratzen da.
Basamortu horretan harrizko lautadak, mugitzen diren hondarrezko dunak eta mendiak daude. Namibeko hondarrezko dunak 300 metroko altuera izatera iritsi daitezke eta, beraz, haietako batzuk munduko hondarrezko duna garaienak dira.
Namiben ia ez du euririk egiten. Hala ere, sarritan kostan behe-laino trinkoa egoten da. Itsasoko aire freskoa lurrazalean dabilenean sortzen da behe-lainoa. Itsasoko haize freskoak kosta inguruko tenperaturak freskatu egiten ditu, eta, horregatik, tenperaturak, normalean, 10 eta 16 °C artekoak izaten dira, baina kostako haize freskoak jotzen ez duen tokietan askoz garaiagoak dira: sarritan 38 °C baino garaiagoak izaten dira.
Namib basamortuan diamante asko daude. 1908an aurkitu zuten bertako lehen diamantea. Orange ibaiak diamanteak itsasora eramaten ditu. Diamante horietako asko kostan aurkitzen dituzte. Namiben badago kobrea eta uranioa ere.