Txikipedia:Dinosauro
From Wikipedia, the free encyclopedia
Dinosauroak antzina bizi izan ziren animalia talde handia izan zen. Duela 230 eta 65 milioi urte bitartean (Mesozoikoa deitzen den garaian) bizi ziren. Era askotako forma eta tamainak zituzten; haietako batzuk 30 metro luze ziren, gaur egun Lurrean dagoen animaliarik handiena, balea urdina, bezala. Beste batzuk, ordea, txikiak ziren, gaur egungo oilo bat bezala. Batzuk haragijaleak ziren eta beste batzuk landarejaleak. Dinosauro talde txiki batetik gaur egungo hegaztiak sortu ziren.
Gaur egungo narrastiek (krokodiloek, muskerrek, etab.) ez bezala, dinosauroak ez ziren narrasean ibiltzen. Bi hankakoak eta lau hankakoak zeuden, eta haietako batzuk korrikalari azkarrak ere izan zitezkeen.
Askotan elkarrekin ikusiko dituzu, baina adi!, ez dira gauza bera!
Dinosauroen desagerpenari buruzko ideiarik onartuena meteorito handi batek lurra jo zuela da eta horren ondorioz hil zirela denak, hegaztiak izan ezik. Haien fosilei esker ezagutzen ditugu. Dinosauroen fosilak kontinente guztietan aurkitu dira, Antartika barne. Estatu Batuak, Kanada, Txina, Mongolia eta Argentina dira dinosauroen aztarnategirik aberatsenak dituzten herrialdeak. Dinosauro hitza 1842an asmatu zen eta grekoz "musker beldurgarria" esan nahi du. Gaur egun, mila dinosauro espezie inguru ezagutzen dira, baina horietako asko azken urteetan deskribatu dira. Horregatik, ezagutzen ditugun dinosauroak planeta honetan bizi zirenen parte txiki bat baino ez dira.