Beheranzko diseinua eta goranzko diseinua
From Wikipedia, the free encyclopedia
Beheranzko diseinua ("goitik beherako diseinua" ere euskaraz, eta "top down" ingelesez) eta goranzko diseinua ("behetik gorako diseinua" ere euskaraz, eta "bottom up" ingelesez) informazioaren zientziako problementzako ebazpenak lortzeko estrategiak dira. Batez ere softwarea sortzeko erabiltzen dira; konputagailu-programak sortzea sarritan oso lan konplexua izanik, programak diseinatzeko teknika hauek erabiltzeak dezente erraztu egiten du lan hori. Teknika hauen erabilera zabaldu egin da azkenaldian, eta ondorioz, gizarte-zientzietan eta beste zientzia zehatz batzuetan ere aplikatzen hasi dira gaur egun, besteak beste hauetan: Konputagailuen programazioan, Nanoteknologia, Neurozientzia eta psikologia, Kudeaketa eta antolaketa, Osasun publikoa, Arkitektura edota Ekologian.
Goitik beherako ereduan problema batentzako ebazpidea definitzerakoan hasieran sistemaren laburpen bat formulatzen da, xehetasun guztiak zehaztu gabe. Geroago definitzen da lehen urrats horretan guztiz zehaztu gabe erabili den elementu bakoitza, behin eta berriz, gero eta zehaztasun handiagoz, zehaztapen osoa eredua balioztatzeko nahikoa zehatza den arte. Goitik beherako eredua askotan "kutxa beltzen" laguntzarekin diseinatu da; kutxa beltz horien banakako osagaiak zehatz-mehatz azaldu ez badira ere, hasieran betetzen dituzten baldintza funtzionalekin definitu dira goi mailako ebazpidean, geroago xehetasun guztiekin definitu ahal izango delakoan.
Aitzitik, goranzko diseinuan banakako piezak zehatz-mehatz diseinatu eta gero osagai handiagoak handiagoak sortzeko lotzen dira, eta horiek lotzen joango da gero, sistema osoa osatu arte. Goranzko informazioaren jarioan oinarritutako estrategiak ere beharrezkoak eta nahikoak direla dirudite; sistemaren elementuetan eragina izan dezaketen aldagai guztien ezagutzan oinarrituta daude-eta.